Laura Albistegi, moda diseinatzailea: "Modarena mundu irekia da, aukerak eskaintzen dituena"
- Gasteizko saria eskuratu aurretik, hartu duzu parte beste inongo lehiaketetan?
Beste bitara aurkeztu naiz, biak Bilbon, eta bietan finalera heldu naiz. Gasteizkoa da irabazten dudan lehenengoa: eguaztenean hasi ginen desfileekin eta, barixakuan sariak banatu zituzten arte, bitartean dendetako desfileak izan ziren.
- Zelako diseinuak aurkeztu zenituen Gasteiz On-en?
Lehenengo kolekzioa master amaierako proiektua izan zen. Bigarrenarekin, bestalde, lasaiago jokatu izan dut. Minimalista izan da zentzu guztietan. Batez ere, oihal zuria erabili izan dut bolumena emateko eta estanpatuak zeozer apurtzeko. Zuria, beltza eta marroia ziren nagusi.
- Zelan ikusten duzu modaren egoera eta izan duen bilakaera?
Moda oso ziklikoa da eta zaila da ezusteko handirik eragitea, zeozer guztiz apurtzailea asmatzea. Nire aldetik, ikasten jarraitzen dut: zelan diseinatu, josten... Dena dela, marketing-a da, niretzat, egin beharreko lehen urratsa. Eta, jakina, oinak lurrean izanda.
- Badago tendentzia argirik mundu horretan?
Tendentzia finkorik, ez. Irailean eta otsailean marka handiek euren lanak aurkezten dituzte eta, horrelakoei erreparatuta, aurrea hartzen ahalegindu behar zara. Hala ere, mundu irekia da, aukerak eskaintzen duena.
- Hemen asko jarraitzen dugu moda? Gazteon ardura pizten duela uste duzu?
Gazteontzako modak abaniko zabalagoa eskaintzen badu ere, jendea ez da larregi ausartzen. Hemen, baina, kanpora irten barik, Roberto Lopez Etxeberria eta Ion Fiz diseinatzaileak ditugu. Eta Balenciaga modistoa... Jaungoikoa! Markak esentzia izaten jarraitzen dute.
- Bada herrialderik modan berebiziko izena duenik?
Patroi berdinak jarraitzen dira ia toki guztietan, hiri handietan jarrera irekiagoa bada ere. Herrialdeak baino, hiriburuak daude: Londres, Milan, Nueva York, Paris... Tokio hasi da orain. Japoniarrek, dena dela, bestelako estetika bat dute.
- Hemendik aurrera nondik jo behar duzu?
Patronajea ikasiko dut, emakumeena. Diseinua modu sakonagoan dihardut prestatzen eta patroi eta kosturetan zentratu naiz. Kolekzio txiki batekin hasi naiz, linea bat sortzen, kalitatezko erroparekin. Lagun batekin taldea egin dut eta diseinu-web bat ere amaitu berri dut. Denetan fijatzen naiz eta apuntatu.