Legarreko auzoari soinu banda zuzenean ipintzeko gogo biziz

Legarreko auzoari soinu banda zuzenean ipintzeko gogo biziz
2023/09/25 10:54
eta kitto!
Datorren asteburuan, irailaren 30ean, egingo da EMGE Fest musika jaialdia Legarren, bertako lokalen gaineko parkean. Egun horretan kontzertua emango dutenen artean Mikel Urizar Pulgui, Antxon Gonzalez, David Carballo (Karba), Mikel Ojanguren eta Borja Etxebarria Tiri daude eta beraiek kontatu dizkigute jaialdiaren nondik norakoak.

 

Aurtengo jaialdia antolatzeko ardura Mikel Urizar Pulguik hartu du bere gain: “Udalarekin daukagun hitzarmenean urtero zerbait antolatu behar dugula dago jasota, eta orduan urtero egiten dugu kontzertu edo jaialdiren bat. Dirulaguntza jasotzen dugu, kontzertua antolatzeko, eta ez badugu egiten laguntza galdu egingo genuke. Horregatik, urtero egiten dugu. Azkenean hemen, lokaletan egoten garen taldeko kideen artean prestatzen dugu dena. Urte batean batek, hurrengo batean beste batek… eta aurten neri tokatu zait. Beste barik”. Lekua aukeratzeko orduan ere, taldeko kideen artean berba egiten dute, kontzertua non emango duten adosteko.

Aurtengo jaialdiko kartela David Karbak, Markos Untzetak, Zapatu Beltzak, Judas Argaratek, Gorka Beatok eta askoren jakinmina piztu duen beste partaide batek, Eibar Opina DJ-k osatzen dute. Bakoitzak egiten duen musika estiloari begiratuz gero, kartela osatzen dutenen artean denetarik dago: “Markos Untzetak folk-rock-pop modukoa egiten du. Gorka Beato DJ-a da eta berak elektronikoa egiten du batez ere. Zapatu Beltza taldea, berriz, Black Sabbath taldeari eskainitako tributoa da, beraz, metala jotzen du. Judas Argaratek ere metala egiten du eta David Karbak, berriz, elektronika eta post-rocka”.

Jaialdia arratsaldeko 16:00ak aldera hasi eta 23:00etan amaituko da, “talde bakoitzarentzat ordubete-edo egongo da”. Taldeen ordena zehazteke dago oraindik, datozen egunetan beraien artean berba egin eta bakoitzak noiz joko duen lotzen joango dira.

Legarreko lokaletan entseguak egiten dituzten talde guztiek urteak daramatzate musikagintzan, batzuk betiko taldeekin batera, eta tarteka beraien artean batu eta nahastu ere egiten dira, proiektu berrietara edo sasoian sasoikora moldatzen joateko.

Gaur egungo gazteen artean elektronikoak beste estilo batzuk baino arrakasta handiagoa ote duen galdetuta, erantzun garbirik ez dagoela pentsatzen dute. Karbak dioenez, “posible da hala izatea, baliteke elektronikoak indar handiagoa izatea, baina ez dut uste hau moda kontua denik. Azkenean hemen denetarik dago: pop-folka, metala, elektronika…  Agian Beatorena gazteentzat izan daiteke, baina nirea ez behintzat”.

 

Auzoko jaien ordez

Bestalde, EMGE Fest Legarren izateari xarma berezi bat ikusten diote: “Aurtengo jaialdia Legarren egingo dugunez, jendeak lokalak ikusteko aukera izango du, alde horretatik, tokia beste urte batzuetan baino politagoa dela uste dugu. Gainera, auzoko jairik ez denez ospatuko, behintzat jaiak izaten ziren egunetan zerbait egongo da auzoan”.

 

Entseguak egiteko bederatzi lokal

Eibarko Udalak 1996an zabaldu zuen Legarreko musika sorkuntzarako gunea, herriko musikariek urteetan eskatutakoari erantzuteko. Sortu zen une beretik, Eibarko Musikari Gazteen Elkarteak kudeatu ditu instalazioak. Gaur egun bederatzi lokal daude, entseguetarako, eta grabazioak egiteko estudio bat ere badago. Bertan grabatu dira Eibarko zein kanpoko talde askoren diskoak, ahotsak… eta azken aldi honetan raperoek asko erabiltzen duten zerbitzua dela esan digute.