“Lehen kontzertuan ez ginen ausartzen garagardo bat edatera ere!”

“Lehen kontzertuan ez ginen ausartzen garagardo bat edatera ere!”
2011/10/21 00:00
eta kitto!

-Pentsa denbora atzera egiten dugula. Zer zen Sutagar duela 20 urte?


Orain dela 20 urte lagun talde bat ginen. Ilusio asko genituen, musikaz disfrutatzeko gogo asko eta horren inguruan batzen ginen. Lehen kontzertuaz geroztik esan daiteke musika taldea osatu zela, nahiz eta lagun taldea izaten jarraitu. Hori bai, ez genuen pentsatzen taldeak hainbeste urte iraungo zituenik.


-Orduan 18 urteko gazte batzuk zinaten, Euskal Herriko musika heavyaren aintzindariak izango zirenak.


Orduan ez genuen etorkizuneko planik egiten. Amestu bai amesten genuen, beraz, etorkizuneko begirada bat bazegoen, baina benetan plan seriorik ez zegoen, ez genuelako plan horiek gauzatuko genituzkeenik. “Honekin jotzea edo beste hura teloneatzea sekulakoa izango litzateke”, esaten genuen.


-Gogoratzen duzu taldearen lehen kontzertua?


Bai, 1988ko abuztuaren 14ean izan zen Ondarruko gaztetxean. Oso emozionantea izan zen! Oso urduri geunden kontzertua hasi aurretik, ez ginen ausartzen garagardo bat edatera ere! Baina gero sekulakoa izan zen, gaztetxea beteta zegoelako. Horregatik aukeratu genuen Ondarru jotzea, bertara joandako asteburu batzuetan ikusi genuelako herri nahiko heavya zela, gazteen artean heavya entzuten zela, herri oso euskalduna zela. Orduan Eibarren jotzeak beldurra ematen zigun, ez zelako batere heavya. Beraz, Ondarrun jotzea aukeratu genuen, festen erdi-erdian gainera. Ikaragarria izan zen eta eszenatokitik aho zabal-zabalik jaitsi ginen, gorputzean sartu ezinda.


-Igor Oiarbidek hartu zuen otsailean Asier Osororen lekua taldean. Ez da, ba, erreza izango bere lekua betetzea.


Ba ez. Taldekide batek taldea ustean beste bat hastea zaila da denontzat, taldearentza eta berriarentzat. Argi dagoena da, inor ez dela ahalegindu behar aurreko hori izaten, bakoitzak bere nortasuna dauka. Eta beno, Asierrek otsailean utzi zuen taldea. Urte asko eman ditu taldean eta, musikan inguruan alde politak eta gogorrak daude. Orduan, uste dut balantza baten gainean alde onak eta txarrak ipiniko zituela, eta “hona arte iritsi naiz” esango zuela.


-Sutagarren 20. urteurrena ospatzeko kontzertu bereziak antolatu dituzue. Zeinen bereziak dira?


Nahiko bereziak dira. Batetik, abestien zerrenda berezi bat prestatu dugu. Bestetik, disko batzuetan zati batzuk pianoarekin eta gitarra akustikoarekin grabatu ditugu, baina gero ez ditugu inoiz instrumentu horiek kontzertuetara atera. Orduan, kontzertu hauetarako hori egitea pentsatu genuen: pianoa zegoen tokian pianoa jo eta gitarra akustikoa zegoen tokian gitarra akustikoa. Eta hirugarren puntu garrantzitsua argiena da. Argi berezi batzuk erabiltzen ditugu, ekitaldia gehiago janzteko.


-Sutagar beste 20 urte irauteko prest dago?


Egia esan 20 urte ‘pasada’ bat dela uste dut, baina, beste alde batetik, harrituta gaude zeinen azkar pasatu diren azken 20 urte hauek. Ez dakit zenbat denboran jarraituko dugun. Horrelako kasuetan osasuna izatea oso garrantzitsua da. Gero zaleak ere behar izango ditugu. Gu oso gustura gabiz, egiten dugunarekin disfrutatu egiten dugu eta ez gaude Sutagarren amaieran pentsatzen. Ezer ez da betirako, baina lanean ari gara pentsatzen, ez amaieran.