“Lehen mailako” argazkilariak izango ditugu maiatzean Eibarren

Erakusketak, tailerrak, hitzaldia... hainbat ekintza jasoko ditu Argazkilaritza Maiatzean ekimenaren edizio berriak
2025/04/30 17:46
eta kitto!

Argazkilaritza Maiatzean ekimenaren edizio berria antolatu Eibarko Klub Deportiboaren argazkilaritza batzordeak. “Lehen mailako argazkilaritza jaialdia da, Euskal Herriko onena ditugun baliabideak kontuan hartzen baditugu”, Jose Luis Irigoien Deporreko batzordeko kidearen ustez, eta goi-mailako argazkilarien erakusketak jasotzeaz gain, tailerrak, rallya eta hitzaldia (“aurtengo berritasuna izango da”) izango ditugu datozen asteotan.

Tailerra kenduta, beste jarduera guztiak doakoak izango dira eta, zentzu horretan, gurean izango diren argazkilari handien prestutasuna eskertu duten antolatzaileek, doan eskaini baitituzte euren argazkiak. “Argazkilaritza Maiatzean jaialdi ospetsua da eta horregatik etorri nahi izaten dute gurera maisu handiek”, diosku Irigoienek. “Gainera, argazkilari batzuentzat ‘katapulta’ da argazkiak Eibarren erakustea, gero beste hainbat tokitan ikusi izan ditugulako”.

 

Erakusketak

Hilaren 9an emango zaio hasiera aurtengo egitarauari, 26ra arte Portalean egingo den erakusketarekin. 19:00an egingo da erakusketaren irekiera eta bertan Jose Conceptes, Jose Ramon San Jose, Gracia de la Hoz, Juan Antonio Palacios eta Jose Carlos Romeroren lanak egongo dira ikusgai, azken horrenak Portaleko tabernan. Gainera, euretako gehienak bertan egongo dira eta antolatzaileen berbetan aukera izugarria izango da lehen eskutik euren berbak eta azalpenak entzun ahal izateko. Astelehenetik domekara 18:30etik 20:30era egongo da zabalik:

  • Jose Conceptesek ‘Begirada bikoitza: hutsunearen arkitekturak’ izeneko erakusketa eskainiko du. “Castelloko argazkilariak arkitektura inguruko proposamena ekartzen digu. New Yorken egindako zuri-beltzeko argazki minimalista eta garbiak”, Deporrekoen berbetan.
  • Jose Ramon San Josek ‘Errealitate konbergenteak’ erakusketa ekarriko digu. “Ceutako argazkilariak diptikoz egindako erakusketa aurkeztuko du. Itxuraz, lotura handirik ez duten irudiak lotzen ditu, baina autorearen buruan unibertso paralelo gisa sortu diren munduak dira”, azaldu dutenez.
  • Gracia de la Hozek ‘Eserleku gorria’ proposamen bitxia ekarriko du gurera. “Tarragonako argazkilari honek erakusketa polita zein orijinala ekartzen digu. Argazki guztietan eserleku gorri bat protagonista izango da egoera aldrebes eta pintoreskoak eskaintzen. Benetan ikusgarria”, diote Deporrekoek.
  • Juan Antonio Palacios eibartarrak ‘7x7’ erakusketa eskainiko du etxean. “Beti bezala, Indalecio Ojanguren lehiaketaren irabazleari Argazkilaritza Maiatzean erakusketan parte-hartzeko aukera eskaintzen diogu eta aurten, Juan Antonio Palacios Deporreko kideak irabazi duenez, berari tokatu zaio. Bere erakusketan zazpi gune izango dira, bakoitzak zazpi argazkiekin: naturako paisaia, zuri-beltzeko paisaiak, natura hilak, flora eta fauna, argazki sortzailea, harria eta Bercianos dira erakusketa honetako gaiak.
  • Jose Carlos Romeroren erakusketa, ostera, Portalea Tabernan egongo da (astelehenetik zapatura 10:00etatik 21:00etara). “Klubeko kidea da Ondarroako argazkilaria. Esperientzia handia du eta hainbat sari irabazi ditu Jose Carlosek eta erakusketa honekin azpimarratu nahi du argazkilaritza ez dela teknologia kontua, ikusmena baizik. ‘Ez da kamera, begia baizik’ da erakusketaren lema”, azaldu dute Deporrekoek.

 

Portaleko erakusketaz gain, beste bi erakusketa antolatu dituzte Deporrekoek. Bata, klubeko argazki taldearena, Topalekuan; eta bestea, Argizaiola lehiaketaren argazkiekin, Deporreko egoitzan. Erakusketa biak hilaren 9tik 26ra arte egongo dira zabalik: Topalekukoa, astelehenetik igandera 19:00etatik 21:00etara; eta Deporrekoa martitzenetik zapatura, 17:30etik 20:30era.

Topalekuko erakusketa kolektiboan Deporreko 20 argazkilariren lanak egongo dira ikusgai (22 izan daitezke), eta bakoitzak hiru argazki erakutsiko ditu. Gaia librea izango da, beraz, mota askotako argazkiak egongo dira ikusgai.

Tailerra

Hilaren 10ean, Susana Giron andaluziarrak argazkigintza dokumentalaren inguruko tailerra eskainik du ‘Unlimited jouth’ izenburuarekin. “Aukera paregabea izango da bere hitzez argazkilaritzaz ikasi ahal izateko. Argazkilaritza proiektu bat nola garatu daitekeen jakiteko aukera oso ona izango da”, Deporrekoen berbetan.

Saioa 10:00etatik 13:45era eta 10:00etatik 20:00etara egingo da eta plazak mugatuak izango dira. Izena-emateko 20 euro ordaindu beharko dira eta argazkilaritza@deporeibar.com helbidera idatzi behar da.

 

Hitzaldia

Aurtengo berritasun nagusia hilaren 17an Piko Zuluetak eta Koldo Mendazak Portalean eskainiko duten hitzaldia eskainiko da. ‘Emozio baten autopsia’ da hitzaldiaren izenburua eta Gasteizko bi argazkilari eta maisu hauek argazkilaritza eragiten dituen galderei erantzunak ematen saiatuko dira.

Sarrera doakoa izango da eta saioa 10:00etatik 13:45era egingo da.

 

Topaketa kalean

Astebete beranduago, hilaren 17an, topaketa egingo da kalean, Untzagan hain zuzen ere, 17:00etatik 20:30era. Bertan, erretratoak egingo dira (Fotoprixen eskutik etxera eraman ahal izango dira argazkiak, doan), argazki-erakusketak egongo dira... “Dohainik izango da ea ekintza honekin argazkilaritza jendeari hurbildu nahi diogu”, diote Deporrekoek.

 

Argazki rallya

Argazkilaritza Maiatzeanekin amaitzeko, hilaren 25ean argazki rallya egingo da. Oinarriak egun gutxi barru kaleratuko dituzte Deporren webgunean, baina jakina da argazkiak zuri-beltzean eta digitalean egin ahal izango direla, rallya Klub Deportibotik 08:30-09:30 inguruan abiatuko dela eta 13:30ean amaituko dela.

Deporrekoen berbetan, “rallya festa handia izaten da eta kanpoko jende asko etortzen da parte-hartzera”.