JUAN ANTONIO PALACIOS: “Argazkiak argazki izateko paperean egon behar direla pentsatzen dut”
Herriko argazkilaritza lehiaketen gailurrera iritsi da Juan Antonio Palacios Indalecio Ojanguren Argazkilaritza Lehiaketaren ohorezko saria irabazita. Hainbat urtez saria eskuratzeko atarian geratu da eta azkenean bere talentuak ondo merezitako saria jaso du. Bere lana eta lehiaketan parte hartu duten beste zenbait gaurtik aurrera egongo dira ikusgai Portaleako erakusketa aretoan.
Retrato de una sardina, Naufragio eta La Patata izenburua dute Indalecio Ojanguren XXXVII. Argazki Lehiaketa irabazi duen bildumaren hiru argazkiek. Surrealismoa ardatz, Juan Antonio Palaciosek barrenetik atera zaiona islatu du argazkietan eta argazkilaritzari eskainitako bizitzari ginga jarri dio.
Eibartarra izanik, zer da zuretzat Indalecio Ojanguren lehiaketan sari nagusia jasotzea?
Demaseko poza eman dit, ilusio handia. Indalecio Ojanguren lehiaketak 37. edizio egin ditu eta estatu mailan oso garrantzitsua da. Gainera, oraindik paperean egiten den lehiaketa apurretakoa da, gehienak digitalean egiten direlako. Argazkiak argazki izateko paperean egon behar direla pentsatzen dut. Pantailan ikusi ditzakezu, baina paperean ikustea, ukitzea eta paretan eskegita ikustea beste kontu bat da. Argazkia amaituta ikustea da. Argazki digitalak amaitu gabeko argazkiak dira, kakotx artean noski.
Lehiaketarako argazkiak digitalean edo paperean aurkeztu behar izateak baldintzatu egiten zaitu?
Pertzepzioa aldatu egiten da. Digitalak arazo bat du: Zuk argazkia pantaila batean ikusten duzu, baina gero beste pantaila batean proiektatzen dute eta horrek ez du zurearekin zerikusirik. Hau da, koloreak ez dira guztiz berdinak, ezta txuri-beltzeko tonuak ere… Paperean, ostera, argazkiak zuk zeuk inprimatzen dituzu eta zure esku dago azken emaitza. Hori bai, lehiaketa digitaletan parte hartzea erosoagoa da eta baita merkeagoa ere. Argazkilaritza inoiz ez da merkea izan.
Indalecio Ojanguren lehiaketako saria hiru argazkiko bildumarekin irabazi duzu…
Bai, kolorezko hiru argazki dira.
Kolorezkoak dira, baina ez dute kolore askorik.
Hori da. Kolorearekin jolastu dut pixka bat. Izan ere, konturatu naiz normalean argazki lehiaketetan txuri-beltza koloreari gailentzen zaiola, artistikoagoa dirudielako. Orduan, argazki hauetan koloreak nahikoa desaturatu ditut.
Nola sortu zitzaizun argazki hauek egiteko ideia eta nolako prozesua jarraitu duzu?
Aurretik eginda nituen argazkietatik abiatuz muntaia surrealistak egin ditut. Adibidez, eskegita dagoen sardina bat, bihotz baten itxura duen patata bat elektrokardiograma batekin, itsasoaren itxura duen zoruaren irudia eta handik arrain bat irteten paperezko itsasontzi baten alboan… Argazkiak edukita ideiak sortzen zaizkit.
Inprobisatu egiten duzu?
Hori da! Argazki-mota hauetan nahikoa inprobisatzen dut. Adibidez, patatak bihotz forma zuen eta elektrokardiograma bat jarri nion alboan, patata bizitzaren amaieran balego bezala.
Ez dira ohiko argazkiak, ez.
Ez, arriskatzen saiatu naiz. Bestalde, lehiaketara beste bilduma bat aurkeztu nuen, txuri-beltzean, eta biak iritsi ziren finalera. Epaimahaiaren erabakia zuzenean jarraitu nuen eta interesgarria izan zen bi bildumen inguruan nola eztabaidatzen zuten ikustea. Eztabaida luzea eta interesgarria izan zuten epaia eman aurretik. Beno, gutxienez banekien saria jasoko nuela, biak zirelako nireak.
Nolakoa da beste bilduma?
Klasikoagoa. Sitram de Teraan, Zamorako herritxo batean, neguan egindako argazkiak dira. Bertatik pasatzen den Tera ibaian eginda daude, ibai ederra, laino artean eta ihintz garoarekin. Argazki horiek orain dela pare bat urte egindako erakusketa bateko bildumaren parte dira.
Beraz, ez zara argazki-mota jakin bat egitera mugatzen.
Gauza ezberdinak egitea eta ikertzea gustatzen zait. Adibidez, izoztutako loreen argazkiekin nabil orain gora eta behera. Etxeko hozkailuan izozten ditut eta loreek izotzarekin hartzen dituzten testurak oso interesgarriak iruditzen zaizkit. Gauza politak irteten dira.
Arlo teknikoari dagokionez ere, gauza ezberdinak egitea gustatzen zaizu?
Bai. Ez dakit, adibidez, esposizio bikoitza egitea. Argazkilaritzan hasi nintzenean laborategia muntatu nuen etxean, lan egiteko oso erosoa, eta hainbat urtez aritu nintzen horrela, lan kontuengatik eta denbora faltagatik diapositibekin hasi nintzen arte. Erosoagoa zen. Gero, bideoan ere gauza asko egin nituen: Bidaien dokumentalak, gimnasia erritmikoko saioak (alaba zebilelako)… Handik fotogramak atera, landu eta gauza itxurosoak egiten nituen.
Hori guztia zure kabuz egiten ikasi duzu?
Bai. Tailerretan egon naiz, baina ordurako banuen nolabaiteko jakintza. Beti hartzen duzu ideiaren bat, baina gauza solteak. Hori bai, beste autore batzuen argazkiak asko ikusi izan ditut, museoetan asko egon naiz… Irudia beti interesatu zait, edozein modutan: marrazkiak, argazkiak, margolanak… Margolaritzaren maisu handien erreferentziak edukitzea oso garrantzitsua da argazkiak egiteko (argia, konposaketak…).
Erreferente jakinik izan duzu?
Ez, ez dit argazkilari jakin batek markatu. Ansel Adams paisajista eta beste batzuk gustatu izan zaizkit, baina ezin da esan gehiegi markatu nautenik. Denetarik gustatu izan zait: Erretratoak, arkitektura, paisaiak, makroak…
Hasi zinenetik teknologia asko garatu da. Nola bizi izan dituzu aldaketak?
18 urte ingururekin erosi nuen lehen argazki-kamera, Andorran. Errusiarra zen, Fenix markakoa. Demaseko pisua zuen, baina reflex kamera zen, 35 mm-ko objektiboarekin. Merkea zen Canon edo Nikon kamerekin alderatuz gero. Horrekin hasi nintzen eta diru gehiago nuenean Canon A-1 kamera eta objektibo batzuk erosi nituen. Gero, digitalera jauzia egitea ez zitzaidan batere kostatu. Megapixel bakarreko Canon bat erosi nuen eta bitxia da, baina kamera horrekin egindako A3 tamainako argazkiak ditut eta ez zenuke esango megapixel bakarra dutenik.
Argazki-kamerak zenbateko garrantzia du argazki on bat egiteko orduan?
Ekipo ona edukitzea garrantzitsua da, baina garrantzitsuena zer egin nahi duzun ondo jakitea da, lokalizazioak ondo aukeratzea, baita argia ere, eta estetikari garrantzia berezia ematen diot; hau da, konposaketari, esposizioari, koloreen armoniari… Argi ona badago, konposaketa ona bada eta arrazoia interesgarria bada, ez duzu demaseko kamera behar argazki ona egiteko. Telefono mugikorrarekin egindako argazki zoragarriak daude.
Urte hauetan zure lanetan eboluzioa egon dela ikusi duzu?
Bai, noski. Gero eta gehiago eskatzen diozu zure buruari, interesatzen ez zaizkizun gauzak baztertzen dituzu eta gustatzen zaizkizunei eusten diezu… Argazkian gehiago pentsatzen dut. Argazki asko egin beharrean, ondo pentsatu eta agian bakarrarekin nahikoa dut.