Leire Larrazabal, Tudesign: "Norberaren irudia nonbaiten islatzeko aukera dago"
- Zer dela eta sortu duzue Tudesign?
Armeria Eskolan Telekomunikazio eta Informatika Sistemak ikasten dihardut eta irakasgaietako bat enpresa txikien administrazioaren ingurukoa da. Praktika modura kooperatiba bat sortu behar genuen eta beste hiru taldekiderekin batera objektuak pertsonalizatzeko enpresa sortu dugu.
- Klaserako lana izan arren, baina, enpresa erreala da, ezta?
Bai, enpresa bat sortzeko eman beharreko pauso guztiak eman ditugu: kooperatibarako irudia eta logoa sortu, faktura, albaran eta beste guztiak prestatu, estatutuak idatzi…
- Prozesuan aparteko zailtasunik topatu duzue?
Hasieran horrelakoak eskaintzen dituen Ikatz-era jo genuen. Eurek Bartzelonan duten probeedorearekin harremanetan ipini gintuzten, baina euren beharrerako prozesua guk nahi genuen eskaintzarako oso egokia ez zela ikusi genuen eta, horregatik, gure asmoarentzat aproposagoa den Ermuko enpresa batekin dihardugu. Produktu "zuriaren" prezioari ez diote larregi gehitzen pertsonalizazioarengatik. Gero taldekideetako bakoitzak dirua ipini genuen bezeroei eskaintzeko produktuak erosteko. Bestalde, salmentan lortzen dugunaren %10 gure aurreko ikastetxean, Durangoko Maristetan dagoen GKE-ari ematea erabaki genuen.
- Zelakoak pertsonalizatzeko aukera ematen duzue?
Kamisetak, hautsontziak, txiskeroak, motxilak, mugikorrendako zorroak, tazak… eskaintza zabala dago. Gure blogean (http://tudesign.bligoo.es/) sartu eta ikus daiteke. Gure berezitasuna, baina, bezeroa enpresa proiektuan sartzeko hasieratik izan dugun asmoa da: bakoitzak bere izaerarekin bat datorren bere irudia zerbaitetan isladatzeko aukera badagoela ikustarazi nahi diogu jendeari.
- Esperientzia hau eta gero, etorkizunean zeure burua enpresa bat sortzen ikusten duzu?
Esperientziak asko animatzen du, ilusioa eragiten dizu, baina gauzak dauden moduan egonda horrelakoetan sartzea arriskutsua ikusten dut, orain behintzat beldurra ematen dit.