Leydy Gomes, Sanou Samb eta Sadith Quispe: “Guretzat ohorea da Korrikan lekukoa eramatea”
Korrikan ...eta kitto! Euskara Elkartearen lekukoa eramango duzue. Nola sentitzen zarete horren aurrean?
LEYDY: Oso hunkituta eta pozik. Nire herrialdean, Perun, kitxuaz egiteari utzi zaio toki askotan, baina hemen bertako hizkuntzarekiko sentimendu sakona dago eta gauza asko egiten dira euskara erabiltzen jarraitzeko. Horrek hunkitu egiten nau. Perun kitxua, aimara eta gaztelera erabiltzen dira, baina nik ez dut kitxua ikasi eta amorrua ematen dit, gure sustraia delako eta albo batera laga dugulako.
SADITH: Ni oso pozik nago eta ...eta kitto! Euskara Elkarteari eskerrak eman nahi dizkiot Korrika bezalako ekitaldi garrantzitsuan parte hartzen lagatzeagatik. Ohorea da lekukoa eramatea.
SANOU: Nire aldetik, nire herrialdetik (Senegal) etorri den jendeari erakutsi nahi diot hona ez garela lan egitera bakarrik etorri, baizik eta bertako jendearekin elkarbizitzera.
Ez da oso ibilbide luzea izango, baina korrika egiteko prestatu zarete?
SADITH: Korrika egitea zaletasuna dut eta asko gustatzen zait mendian ibiltzea, lasterketetan aritzea, eta abar. Beraz, ekintza honetan parte hartzeko grina dut. Momentuan asko gozatuko dudala pentsatzen dut.
LEYDY: Seme-alabei Korrikan parte hartuko dudala esan nien eta oso emozionatuta daude. Korrikaren aurreko edizioetako bideoak ikusi ditugu eta alabak korrika egitera edo ibiltzera joateko esaten dit, biharko prest egoteko. Beraz, arratsalde batzuetan eurekin irten naiz ibiltzera edo korrika egitera.
SANOU: Aspaldi ez nuen korrikarik egiten, baina astebete inguru daramat gauetan korrika egiten.
Zapatu gauean izanda, plan berezirik prestatu duzue Korrika egunerako?
LEYDY: Alabaren urtebetetzea izango da eta goizean familiarekin ospatuko dugu. Gero, kalera irtengo gara giroa ikustera eta lekukoa hartzeko unea itxarotera.
SADITH: Zapatua izanik, familiarekin elkartuko naiz eta arratsaldean Korrikan parte-hartzeko prestatuko gara semea eta biok.
SANOU: Ia astebururo bezala, hemen bizi den familiaren zati batekin bazkaria daukat eta, gero, Korrika egitera.
Korrikaren aurreko edizioetan parte hartu duzue?
SADITH: Niretzat lehen aldia da. Urtebete besterik ez daramat hemen.
LEYDY: Niretzat ere lehen aldia da, baina Perun antzeko ekintzetan hartu dut parte (‘maratoiak’ esaten diegu) emakumeen aurkako indarkeriaren kontra, adibidez.
SANOU: Lehen aldia izango da niretzat ere.
Ongietorri programan hartzen duzue parte. Zergatik eman zenuten izena? Nola animatu zineten?
SADITH: Beste tokietako kulturak gertutik bizitzea eta hizkuntzak gustatzen zaizkit. Andretxeatik bideratu ninduten hona. Eskolan hasi berri den semea daukat eta berak euskaraz egiten dit, baina nik ez diot ulertzen. Beraz, ...eta kitto!-k eskaintzen dizkigun saioak jasotzeak asko lagundu dit, orain semearekin euskara partekatzen dudalako.
SANOU: Nik ez nuen programa ezagutzen eta lagun batek eman zidan horren berri.
LEYDY: Nik ere seme-alabengatik eman nuen izena, eurek euskaraz egiten dutelako. Gainera, Azpeitian bizi izan nintzen bost hilatebetez eta han mundu guztiak egiten du euskaraz, baina nik ez nuen ulertzen eta egokitzeko ahalegina egiten nuen. Hemen aukera hau ikusi nuen eta zerbait ikasi dut. Orain hobeto ulertzen dut, badakit agurtzen, asteko egunak eta beste hainbat gauza, eta hobeto harremantzen naiz euskaldunekin.
Saioak gustatzen zaizkizue?
SADITH: Bai, asko! Terapia moduko bat da. Hemen sartzen naizenean kanpoko gauzetaz ahazten naiz, beste giro batean sartzen zara, oso atsegina, eta garrantzitsua da gauza berriak ikastea.
LEYDY: Leirek oso modu didaktikoan irakasten du eta, ondo pasatuz, euskarara eta euskal kulturara hurbiltzen gara.
Zer esango zeniekete euskarara gerturatu nahi, baina oraindik lehen pausoa eman ez dutenei?
SADITH: Izena ematera animatu daitezela! Euskal Herrian bizi garen heinean, oso garrantzitsua da euskal giroan murgiltzea, bai seme-alabekin aritzeko bai lanerako.
LEYDY: Beldurra galtzea. Inoiz ez da berandu zerbait egiten hasteko. Kultura ezberdina dagoen tokian bizi gara eta bertara egokitu behar dugu euskarara gerturatuz.