Zabalik jarraitzen du Altxorraren Bila ekintzan izena emateko epeak

Maiatzaren 22an egingo da herri osoan zehar
Zabalik jarraitzen du Altxorraren Bila ekintzan izena emateko epeak
2026/05/05 12:18
Maider Aranberri Sarasua

Zabalik dago aurtengo Altxorraren Bila ekintzan izena emateko epea. Maiatzaren 22an, ostirala, egingo da aurten Eibarko kaleetan barrena. Parte hartzeko izen-ematea zabalik dago eta maiatzaren 15era arte egongo da horretarako aukera. Parte-hartzaileen adinari dagokionez, 4tik 10 urtera arteko umeek har dezakete parte helduek lagunduta. Taldeka eman beharko da izena eta taldeak, asko jota,10 kidekoak izango dira. Taldekideak familia berekoak edo kuadrillakoak edo lagunak izan daitezke, baina bi-lau heldu egon beharko dira talde bakoitzean. Ezinbestekoa izango da gutxienez helduetako batek ahozko zein idatzizko euskara ulertzea. Errebalen hasiko da ekintza 17:30ean. Bertan jasoko dute taldeek lehenengo pista eta, hortik aurrera, asmatzen joan ahala pista berriak jasoko dituzte helmugara iritsi arte. Amaieran sariak egongo dira parte-hartzaile guztientzat. Izena emateko  inprimaki hau bete, telefonoz deitu (943200918) edo emailez egin daiteke (elkartea@etakitto.eus).