LGTBIQ+ sexu askapenaren eta harrotasunaren nazioarteko eguna ospatuko da bihar
Bihar, ekainak 28, LGTBIQ+ sexu askapenaren eta harrotasunaren nazioarteko eguna izango da eta Eibarko Udalak zenbait ekintza antolatuko ditu eguna ospatzeko.
Goizean, 11:00etatik 13:00etara, LGTBIQ+ edukia duten pankarten tailerra egingo da Untzagan. Ekintza gazteei zuzenduta dagoeta ‘Aniztasuna aberasten gaitu’ da bere goiburua. Horren bitartez, Untzaga askatasunean bizi daitezkeen identitateen, nahien, harremanen eta sexualitateen aldeko mezuekin betetzea da asmoa.
Ekintza hau amaitzerakoan, 13:00etan, LGTBIQ+ banderaren igoera egingo da Untzagan bertan.
Egunari amaiera emateko, 22:00etan, Asier Bilbaok ikuskizuna eskainiko du. “Ikuskizun honetan, barre eta barre egingo duzu etenik gabe. Asier Bilbaok umorea (gureaz, bertoko umorez) eta zuzeneko musika-emanaldiez janzten du agertokia, 80ko eta 90eko hamarkadetako musika berpiztu eta egungo musikaz gozatu ahal izateko”, dio Eibarko Udalak.