LORENA VALDERAS: “Saria da selekzioaren deia jasotzea”

LORENA VALDERAS: “Saria da selekzioaren deia jasotzea”
2012/03/15 00:00
eta kitto!

-Gogoratzen dituzu baloiari emandako lehen ostikoak?
Bai, nire auzoan. Lagunekin aritzen nintzen foballean, eta eskolan foball-txapelketan izena-emateko aukera eman zigutenean, han hasi nintzen. Urtebeteren ostean, 7 urterekin, Eibartarrakekoekin entrenatzen hasi nintzen eta gero Eibar KErekin batu zen taldea. Han infatiletan eta kadeteetan aritu nintzen, eta 14 urterekin Nazional mailako taldera igo ninduten. Gero Superliga delako sortu zuten eta urte biz aritu ginen han, iaz mailaz jaitsi ginen arte.
-Aurten 2. mailatik ez jaisteko borrokan zabiltzate. Nola ikusten duzu egoera?
Nahiko gaizki, baina ea zulotik ateratzen garen. 6 partidu geratzen zaizkigu denboraldia amaitzeko eta 12. postuan gaude. Sailkapenean postu bat gorago egin behar dugu mailari eusteko.
-Euskadi eta Espainiako selekzioetan aritu izan zara urte hauetan. Zer suposatu du zuretzat?
Jauzi handia ematea suposatzen du. Jokalari batentzat erakusleiho ederrak dira selekzioarekin jokatzen dituen partiduak, entrenatzaile eta ikuskatzaileak joaten direlako ikustera. Gainera, aurretik egindako lanaren saria da selekzioaren deia jasotzea. Euskadikoarekin, adibidez, 6 urte daramatzat jokatzen. Espainiako 17 urtez azpikoarekin, bestetik, Holandako Europako Txapelketan parte-hartzeko aukera izan nuen. 1. postuan sailkatu ginen, eta gero selekzioak irabazi bazuen ere, ni ez nintzen aritu azken fase hortan. Egia esan, ez negoen nire momenturik onenean.
-Taldearen egoera kaxkarrak ez du lagunduko.
Ez. Gainera, selekziora doazen jokalariak Bartzelona, Levante edo antzeko talde sendoetatik doaz, eta eurek morala altua da. Bestetik, lesioek ere ez dute laguntzen.
-18 urterekin eta daukazun proiekzioarekin, jasoko zenuen beste talderen baten proposamenik.
Errealarekin entrenatzen ibili nintzen, baina Eibarren jarraitzen dut momentuz. Orain mailari eustea da helburua eta denboraldia amaitzean ikusiko da.