Luistxo Fernández, CodeSyntax: "Niagarank-ek interesgarriak diren albisteak sailkatu eta aukeratzen ditu"

Luistxo Fernández, CodeSyntax: "Niagarank-ek interesgarriak diren albisteak sailkatu eta aukeratzen ditu"
2013/02/21 00:00
eta kitto!

- Nolatan sortu duzue Niagarank?
Iaz euskerazko albistegi automatikoa garatu eta Sustatun integratu genuen eta, esperientzia hori eta gero, Espainiako merkatura saltoa eman dugu gaztelaniazko albistegi automatikoa, Niagarank.es izenekoa garatuta. Jakina, gaztelaniazko albiste jarioa euskerazkoena baino askoz ere zabalagoa denez, aurretik garatutakoa errepikatu eta biderkatu egin dugu, 42 kanal dauzkan albistegi automatikoa sortuta.

- Eta nola funtzionatzen du?
Twitterren idazten direnen artean denetarik dago, gauza batzuk interesgarriak dira eta beste batzuk ez, alegia. Orduan Niagarank-ek, ariketa matematiko batzuk tartean direla, jarraitzeko interesgarriak diren pertsona, elkarte edo dena delakoen zerrenda edo ranking-a egiten du, modu automatikoan, eta horien artean jarraitzeko interesgarriak direnak aukeratzen ditu. Jasotako tweet guztiak aipatutako 42 gai edo kanalen arabera sailkatu eta rank handiena dutenak aukeratzen ditu Niagarank-ek. Horren ondoren, jarraitzen ditugun Twitter kontu horietan jendeak partekatzen dituen lotura, esteka edo link-ak denbora errealean zaintzen ditugu, esteka arrakastatsuenak antzemanda.

- Sailkapen eta aukeraketa horiek automatikoki egitea posible egiten duen erreminta garatzeko beharra ez zen txikia izango ba…
Niagarank sortzeko ingeniariek gogotik jardun dute beharrean, lan gogorra izan da. Badira hamabi urte CodeSyntax sortu eta hemen beharrean gaudela eta denbora honetan gure burua formatzen ibiltzen gara etenbarik. Blogen munduan hasi ginela 6-7 urte igaro dira eta azkenaldi honetan interneten informazioak duen garrantziaz jabetuta, alor horri heltzea interesgarria izango zela pentsatu genuen.

- Eta zergatik aukeratu duzue Twitterreko albiste jarioa?
Twitterrek horretarako aukera ematen duelako. Hau da, denbora errealean albiste jarioari jarraipena egiteko aukera ematen digun plataforma delako garatu dugu Twitterren eta ez beste plataformaren batean.

- Albisteen sailkapenerako prozesuan gaikako kanalak erabiltzen ditu Niagarank-ek. Nolako gaiak dira?
40 gairekin hasi ginen baina honezkero berri batzuk gehitu dizkiogu gai-zerrendari, orain 42 kanal dauzka Niagarank-ek. Izan ere, aurreko astean bertan erlijioa gehitu genion aurretik zegoen zerrendari, Aita Santuaren dimisioaren albisteak izandako oihartzunarengatik. Egia esateko, horren inguruko albisteei begira nahiko kontserbatzailea irten zen esperientzia, baina emaitza hori izatea normala ere bada. Edozein modutan ere, Niagarank-eko gaiei zerotik abiatuta sortutako kanal edo gai berriak gehitzeko aukera dago. Bestela, kanalen zerrendan gaietako batzuk interes orokorrekoak dira eta beste batzuk, berriz, gutxiengo baten interesa piztu dezaketen gai espezialduak.