Lur Korta, aktorea: "Pottola antzezlanean gizartearen aurreiritziez dihardugu"
- Zelako istorioa kontatzen duzue Pottola antzezlanean? Zelakoa da bertan antzezten duzun pertsonaia?
Gizartean ditugun aurreiritziak tarteko ditu antzezlanak. Lanaren izenak adierazten duen moduan, pottolo edo lodiei buruz hitz egiten da. Nik Elenaren papera egiten dut; izan beharko lituzkeen baino 30 kilo gehiago pisatzen dituen neska alaiaren papera.
- Lan horretan norbaiten itxura fisikoak zenbaterainoko eragina izan dezakeen erakusten duzue; baina, gure gizartean, errealitatean ere horrelako muturreko kasuak ematen direla uste duzue?
Bai, nahiz eta kontutan hartu behar den zein eremutan dihardugun. Badira gizarteko leku batzuk itxurari beste ezerri baino garrantzi gehiago ematen diotenak.
- Itxuraren tirania hori arlo askotan ematen da; baina zuek, aktoreak izanik eta antzerki-zine-telebista munduan beharrean ibilita, presio berezia sentitzen duzue?
Bai eta ez. Nik uste gu gure fisikoaz bizi garela gehienbat, baina horrek ez du esan nahi argala izan behar zarenik. Ni argala izan banintz, ez nuke izaten ari naizen aukera hau izango. Argi dago itxura kontutan hartu behar dugula, hori dudarik gabe, baina beste arlo askotan bezain beste.
- Orain arte eskainitako ikuskizunetan nolako erreakzioak izan ditu publikoak?
Jendeak oso gustora ikusten du. Aipatu digutena da askotan barre algara egin ondoren jabetzen direla zertaz ari diren barrez, eta lotsa pixka bat ere sentitu izan dutela.