M8ko egitarau bateratua aurkeztu dute Matraka eta Marasmia talde feministek
Martxoaren 8ari begirako egitarau bateratua aurkeztu dute Matraka eta Marasmia talde feministek. Aurtengo mobilizazioa “Beste mundu bat feminismotik. Zapalkuntza sistemen aurrean: antolakuntza eta borroka” lemapean egingo da.
Eguneko ekitaldi nagusia manifestazioa izango da, 13:30ean hasiko dena Untzaga plazatik. Antolatzaileek azaldu dutenez, mobilizazioaren helburua da feminismoa erdigunean jartzea eta zapalkuntza-sistemen aurrean antolakuntza kolektiboaren beharra azpimarratzea.
Egitaraua goizean hasiko da, 11:30etik 13:00etara, Untzaga plazan egingo den kafe-tertuliarekin. Eguraldi txarra eginez gero, jarduera Arrate Kultur Elkartean egingo da. Manifestazioaren ondoren, 14:00etan, karropoteoa izango da.
Arratsaldean, 15:30ean, bazkari autogestionatua egingo da Untzagan; euria eginez gero, Errebaln izango da hitzordua. Bazkalostean jolasak antolatuko dituzte, eta egitaraua 18:00etan amaituko da.
Talde antolatzaileek herritarrak Martxoaren 8ko mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte, aldarrikapena, saretzea eta borroka feminista kolektiboki indartzea ardatz hartuta.
Gaueko mobilizazioa, martxoaren 7an
Egitarauaren barruan, gaueko mobilizazioa antolatu du Matraka Gazte Feminista taldeak. “Ordenaren kontra, antolakuntza feminista” izango da manifestazioaren leloa. 22:00etan hasiko da, Untzagatik. Musika eta aldarrikapen feministaren bidez, herritarrak Eibarko kaleak hartzera deitu dituzte.