Maddi Alberdi eibartarrak irabazi du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gaztea Saria, feminismoari eta euskal nazionalismoari buruzko ikerketarekin

Ikerketak Marcela Lagarderen, Latinoamerikako feminismoaren erreferente nagusietako baten, kontzeptu analitikoak euskal testuingurura egokitzea ahalbidetuko du.
Maddi Alberdi eibartarrak irabazi du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gaztea Saria, feminismoari eta euskal nazionalismoari buruzko ikerketarekin
2026/04/22 11:20
Ana Aizpurua

Maddi Alberdi San Martin eibartarra EHUko ikerlaria da eta berak irabazi du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gaztea Saria. Gatibutasunetik askapenera: Marcela Lagarderen feminismoa eta euskal emakume abertzaleen bizipenak elkarrizketan lana aurkeztu du Maddik, feminismoa eta euskal nazionalismoa uztartuz. Epaimahaian nabarmendu duenez, "ikuspegi teoriko berritzaile" bat proposatu du horretarako, Marcela Lagarde etnologo eta antropologo mexikarraren kontzeptu analitikoak euskal testuingurura egokituta.

Alberdi Gizarte Lanetan graduatua da, eta Subiranotasuna Europako Herrietan masterra egina du EHUn. Aurkeztutako lana, berriz, haren doktorego ikerketaren pean kokatzen da. Eusko Ikaskuntzak azaldu duenez, lan horren helburua da "euskal nazionalismoaren eta feminismoaren arteko lotura aztertzea, emakume abertzaleen ikuspegi eta bizipenak oinarri hartuta". 

Bere lanean, besteak beste, Marcela Lagarderen kontzeptu analitikoak baliatu ditu Maddik, eta epaimahaiak txalotu egin du "euskal errealitatea ikuspegi transnazional batetik" pentsatu izana. Azpimarratu dute horrek euskal gizartea ulertzeko kontzeptu eta ikerketa bide berriak dakartzala berarekin.

Eusko Ikaskuntzaren sariak 35 urtetik beherako gazteek Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien arloetan egindako sorkuntza eta ikerketa lanak babestea du xede, eta horretarako 6.000 euroko saria emango dio Alberdiri. Gainera, Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko Genero Ikasketen eta Ikerketen Zentroan (CIEG) egonaldia egiteko aukera edukiko du Maddik.