Maialen Bilbao, idazlea: “Ezin dut maitasun istorio bat kontatu, hori ez naiz ni”

Maialen Bilbao, idazlea: “Ezin dut maitasun istorio bat kontatu, hori ez naiz ni”
2022/09/16 12:12
eta kitto!
Orain dela sei urte ‘Martina’ idatzi ondoren, Maialen Bilbao idazle eibartarrak bere bigarren eleberria kaleratu du (tartean ‘Escala de grises’ poesia-liburua argitaratu zuen 2017an): ‘Nieve roja en Helen’s Bay’.

Lehen liburuaren ildoari jarraituz, nobela beltza dakarkigu Maialenek, intrigaz betea. Ipar rlandako kostan dagoen herri txiki bat da Helen’s Bay eta hara eramaten gaitu Maialenek liburu honetan. Bertan etxe handi bat dago eta, barruan, gorpu bat. Familia perfektua dirudienak zerbait ezkutatzen du eta errealitatea zein den ezagutzen laguntzen digu liburuak, misterioa argitu arte. Yraolagoitian eta LAESen dago salgai.

 

Liburua autoeditatu egin duzu Circulo Rojo editorialaren bitartez. Nolako lana eskatu dizu horrek?

Liburua editorial handietara bidali dut; baina, noski, idazle bezala ez naiz inor. Eta editorial handientzat, ez bazara inor, zaila da salmentak ziurtatzea. Orduan, autoedizioaren bidea hartu dut. Urteetako lana da, ia-ia seme-alaba bat edukitzea bezala. Asko desiratu dudan zerbait izan da eta horregatik egin dut. 300 ale publikatu ditut eta ez duzu Fnac-en ikusiko, adibidez, baina pixkanaka noa aleak banatzen.

Editorialak nolako laguntza eskaini dizu?

Hasiera batean, idatzitakoa bidali nien eurek baloratzeko. Baiezkoa eman zidaten eta hortik aurrerako lana eurekin egin dut elkarlanean. Demaseko laguntza eman didate: maketazioa, letra-mota, kapituluak noiz moztu, estiloa, azala, ISBN-n alta eman... Hiru liburuak eurekin idatzi ditut eta oso gustura nago egindako elkarlanarekin.

Liburuaren titulua ikusita, hilketaren bat egon dela dirudi. Ondo nabil?

Bai! Nobela beltzak, thrillerrak... idaztea gustatzen zait, Agatha Christieren antzera. Ezin dut maitasun istorio bat kontatu, adibidez, hori ez naizelako ni. Helen’s Bay Ipar Irlandan dago eta, euskaldun moduan, beti izan dut nolabaiteko lotura Irlandarekin. Ez dakit zergatik, baina familiarra egiten zait. Agian euritsua eta berdea delako, bertako mitologiarengatik... Ez dakit. Bertan egon barik (liburua idatzi ondoren egon nintzen), banekien istorioren bat han kokatu behar nuela. Bestetik, beti irakurri izan ditut nobela beltzak eta, hortaz, liburuaren ardatza hilketa bat da.

Hortik aurrera, gertatutakoa argitzen duzu?

Beno, ez da hainbeste gertatutakoa argitzea... Etxe handi batean pertsona batzuk daude eta euretako bat hil egiten da. Kanpoan elurra dago eta ezin dira bertatik irten. Denak dira susmagarriak eta, beno, hobe liburua irakurtzea (barreak).

Hilketaren istorioa kontatzeaz gain, 70. hamarkadan kokatuta dagoenez, Irlandan bizi zen giroa ere islatzen duzu. Nolako dokumentazio-lana egin behar izan duzu?

Lan handia! Liburua idazteko ematen nuen ordu bakoitzeko, beste bi ordu pasatzen nituen dokumentatzen. Edo gehiago! Sasoi hartan demaseko gatazka bizi zen Ipar Irlandan. Horregatik aukeratu dut kokaleku eta sasoi hura. Izan ere, Euskal Herrian antzeko gatazka bizi izan dugu. Gero, istorioa ez da Irlandako gatazkan zentratzen, baina ezin dut Irlandan 70. hamarkadan kokatutako istorio bat kontatu gatazka armatua aipatu barik. Beraz, dokumentu asko irakurri ditut, mila dokumental ikusi... Batzuk astunak ziren, politika hutsa, baina istorioarentzat beharrezkoa zen horrekin janztea. Ia edozein gauza azaltzeko testuinguru hori kontuan hartu behar nuen. Istorio fiktizioa da, baina horrek ez du esan nahi dena asmatu behar duzunik. Adibidez, errebolber bat aipatzeko, nik ez dut idearik ere gai horren inguruan, baina zehatza izan behar nuen. Eta horrez gain, datuak eta zehaztasunak jartzeaz aparte, denak koherentzia izan behar zuen eta arlo estetikoa eta idazmena landua izatea. Puntu bakoitzera heltzeko lan handia egin behar izan dut.

Istorioa hasieratik zenuen argi ala ikertu ahala gauzak aldatu zenituen?

Istorioa argi nuen hasieratik. Nik behintzat ezin dut elementu gutxi batzuk hartu eta istorioak nora eramango nauen ikusi. Gainera, gauza batzuk aldatuz gero, atzera egin eta beste batzuk aldatu beharko nituzke. Pertsonaietan eta euren arteko erlazioetan gauza batzuk aldatu daitezke, baina kontakizuna moldatu gabe. Liburuaren amaiera, noski, lehenengo momentutik nuen argi, bestela bidean galduko nintzateke. 20.000 post-it, eskemak, gidoia, pertsonaien deskribapena... Liburuan agertzen ez diren gauza asko sortu behar dituzu liburua idatzi ahal izateko. Adibidez, lehenengo kapituluan gauza bat esaten baduzu, 13.ean ezin duzu kontrako datu bat jarri. Gauza asko dira eta hori guztia kontrolpean izaten saiatu behar zara.

Lan hori liburua idatzi aurretik egiten da?

Nik bai, idazten hasi aurretik gauzak argi edukitzen saiatzen naizelako.

Nondik abiatu zen liburu hau idazteko ideia?

2023. urteko Gabonetan kontakizunen liburu bat kaleratzeko asmoa dut. Misteriozko, beldurrezko eta intrigazko kontaketak dira eta horretarako bururatu zitzaidan istorio bat asko gustatu zitzaidan. Ikusi nuen kontaketa baterako motz geratzen zitzaidala eta ideia horretatik abiatuta istorioa garatzen hasi nintzen.

Kontaketen liburua albo batera laga behar izan zenuen eleberri honi heltzeko?

Bai, ezin nituen gauza biak uztartu. Liburu hau idazten buru-belarri egon naiz eta ia urte bi behar izan ditut horretarako. Pandemia hasi zenean hasi nintzen idazten eta, zentzu horretan, ondo etorri zitzaidan etxean denbora gehiago egotea. Dena dela, beti ibili naiz idazten, beti gustatu zait asko.

Beraz, ez duzu zure burua idaztera behartu behar?

Ez, alderantziz, idaztea behar dut barruan daramadan guztia ateratzeko. Baita irakurtzea ere.

Ia zazpi urte pasa dira ‘Martina’ argitaratu zenuenetik. Aldea igarri duzu bata edo bestea idazteko prozesuetan?

Bai, bai idazle moduan, bai esperientzia aldetik. Oraingoan gidoia prestatu dut, eskemak egin ditut, gehiago kokatu dut neure burua... ‘Martina’ lehen eleberria izan zen, ilusio hutsez eginikoa, eta azkenean bukatzeko gogoa nuen, nekatuta nengoelako. Azken liburu honen sorkuntza ezberdin bizi izan dut. Gainera, ni neu ere zazpi urte zaharragoa naiz eta idazteko orduan ere ikasi egin dudala ikusi dut.

IMG_4892