Maite Arroitajauregik kontzertua eskainiko du Gernikan, "Markos Gimenoren karteletrak» erakusketan ikusgai dauden lanetan inspiratuta
Kontzertua barixaku honetan izango da, Gernikako Euskal Herria museoan, 19:00etan
2024/04/16
11:09
eta kitto!
Maite Arroitajauregi `Mursego´ konpositore eibartarrak kontzertu oso berezia eskainiko du Gernikako Euskal Herria museoan apirilaren 19an, barixakua, «Markos Gimenoren karteletrak» erakusketan ikusgai dauden kartel eta palindromoetan inspiratuta. Kontzertu berezi eta bakarra izango da; izan ere, egun horretarako piezak konposatu ditu Maitek. Biolontxeloak eta Mursegoren ahotsak erakusketaren muinarekin bat egingo dute.
Markos Gimeno ermuarrak euskaraz idatzitako palindromoen bilduma apirilaren 28ra arte dago ikusgai Euskal Herria Museoan. Joseba Sarrionandiak eta Esteban Montoriok zuzendu dute erakusketa. Hainbat jarduera antolatu dira erakusketa honen inguruan, palindromoen gaia eta Markosek lantzen zituen hainbat diziplina konbinatzen dituztenak: musika, tailerrak, ikuskizunak, etab. Lagun askok eta Euskal Herriko artista ugarik parte hartzen dute erakusketa honetan Gimenorekiko adiskidetasun eta jenialtasunari egindako omenaldi hunkigarrian bere palindromoak ilustratuz.
Pasa den abenduan Markos Gimenoren 101 letrakartel liburua argitaratu zuen Joseba Sarrionandiak. Artista ermuarraren obrari eta bizitzari buruzko idatzia bada ere, atal grafiko inportantea dauka. Esteban Montorio ilustratzailearen laguntzarekin, Gimenoren palindromoekin sortatuko kartelak jasotzen dira bertan, kolorez eta orri osora.