Joseba Sarrionandia, idazlea: “Markos Gimenoren jenialtasuna errebindikatu nahi dut liburuarekin”

Joseba Sarrionandia, idazlea: “Markos Gimenoren jenialtasuna errebindikatu nahi dut liburuarekin”
2023/12/22 12:53
eta kitto!
Markos Gimenok sortutako palindromoetan inspiratuta, Joseba Sarrionandia idazleak hitz-joko berezi horiekin egindako bilduma kaleratu berri da. 101 / Letrakartel izenburu bipalindromikoarekin, Markosen ordenagailuetan eta koadernoetan pilatutako lanak liburu bihurtuta eskuratu ahal dira, auzolan ederrari esker. Idazle iurretarrarekin egon gara ermuarraren lan eta ekarpen artistikoaren gainekoak gertutik ezagutzeko.

 

Testua: Estibalitz González

 

 

Noiz izan zenuen Markosen lanaren berri?

Habanan nengoenean ezagutu nuen Zerorajasoa bloga, Euskal Herrira itzultzean Markosen ama eta arreba ezagutu nituen apur bat kasualitatez, eta orduan ikusi nuen obra oso berezia egin zuela, bere biografiarekin eta bere gaixotasunarekin loturik, zentzu handikoa nire ustez… Nik ezagutzen ez nuen belaunaldi bateko pertsonaia zen, 1980tik kanpoan egon naizelako, eta Markosen bizitza ezagutu ahala konturatu naiz belaunaldi horri ere sasoi interesanteak bizitzea tokatu zaiola.

Sasoi interesantea?

Slavoj Žižek deitzen den filosofo batek erabiltzen du esaera hori ironiaz, txinatar maldizio batetik: “Garai interesanteak bizi ditzazula!” esaten omen zaio gorroto diozunari, ze interesanteak, krisi sasoiak, arazo eta konfliktodunak, lasai aspertzeko aukerarik ez duzunekoak dira.

Zerk deitu zuen zure arreta Markosengan?

Batez ere gaixotasun sortzaile horrek, jenialtasun horrek, arauei buelta emate horrek... Hizkuntza tresna normaltzat hartzen dugu, baina normaltasuna bera ere ez da normala. Markosen obrak normaltasun faltsu horretatik ateratzen gaitu, hizkuntza bizileku eta sormen espazio bihurtuz: palindromo ustekabekoak, hitz asmatu barregarriak, anagramak, grafiti ederrak… Uste dut Markosek euskaldun guztiak errepresentatzen gaituela eraren batean, dena normal dagoela esaten da edo normalizaziora goazela esaten da, baina gure bizimodu sozio-linguistikoa, eta politikoa ere bai, eskizofreniara kondenatuta dago. Hizkuntza bera ere halaxe daukagu-eta, estandar arautuaren aldean, liburu honetan eskizopoz apur bat proposatzen da.

Zelan sartu zinen bere palindromoak liburu bihurtzeko abenturan?

Nire lehenengo ideia Markosen idazlan guztiak tomo baten biltzea izan zen, baina konturatu nintzen hori artxibistika lan bat izango zela, obra hori ez zela helduko jendearen komunikazio benetako espazioetara. Konpartitzen dugun hizkuntza bizira ekarri nahi izan dugu lan hori. Palindromoen arazoa da zentzugabetzat hartzen dela, ustekabeko aurkikuntza injenioso direla baina zentzurik ez dutela. Onartzen zaio zentzua aforismoari, baina ez palindromoari. Nire ustez, lengoaian eta komunikazioan denak du zentzua: palindromoak, aforismoak, saiakerak, eleberriak, eta isiltasunak ere zentzua du. Orduan, zentzu horren bila abiatu naiz liburuan, beste lagun batzuekin, ze lengoaia eta komunikazioa elkarlana da, eta palindromoen interpretazio bisualaren aldamenean, eztabaida batzar moduko bat konbokatu dugu liburuaren ezkerreko orrietan.

101 Letrakartel da liburuaren izenburua. Zuk zelan aurkezten duzu?

Alde batetik, Markos Gimenoren bizitza eta lanaren azalpena da, Ermua eta Eibarraldetik kanpora ia ezagutzen ez den autorea. Badago hor saiakera bat bere bizitza eta bere belaunaldiaren asmoak eta bizipenak konprenitzeko. Beste alde batetik, auzolana da, jende askok kolaboratu du kartelak egiten, batzuk Markosen koadrilakoak, baina beste batzuk urrunagoak, eta testuetan ere bai: Joanes Leizarraga, Liza Minelli, Ambrose Bierce, E. Unanue, Mariano Rajoy, Anari edo Nikolas Gogol… auzolan oso irekia da. Azkenik, esan nahi dut, hizkuntzaren alde ludikoaren erreibindikazioa egiten dela: gainetik kendu ezin dugun egitura diglosikoarekin, euskaldunak ohitu gara sakrifizio edo behartzat hartzen euskaraz egitea, eta hemen liburuan euskaraz ustekabeari zabaltzen zaizkio ateak.

Liburuak harridura, barregura, negargura… zer sortu dezake?

Denetik, harridura orri gehienetan, barregura asko-askotan, eta igual negargura ere bai momentu batzuetan, ez dut uste aspergarria izango denik. Ni behintzat asko dibertitu naiz liburua egin ahala. Hasteko, Markosek egin zuenarekin, eta gero, bere sortze metodoa generatiboa denez gero, linguistika chomskyanoan esaten den bezala, gramatika generatiboak dira, eta Markosen sormenak pizten dira beste hiztunon sormenarekin. Irakurleak horretara konbokatzen dira, irakurketa sortzailera. Irudigileek ere lanak izango zituzten esaldi xume baten esentziara ailegatzeko eta irudira ekartzeko… Bai, bakoitzak bere estilora interpretatu du palindromoa eta irudi bihurtu. Uste dut denak sartu garela Markosen mundura, irudigile asko Markosen lagunak dira, Markosen sarea, Ermuko edo Eibarko haren adiskideak, beste batzuk urrunagokoak, esate baterako Ares, Habanako karikaturista bat. Auzolanetan bezala, kolaborazioa emankorra izan da.

Irakurle ororentzat pentsatua dago edo bakarrik hitzjokoak, hizkuntz-jolasak eta berbekin esperimentatzea maite dutenentzat?

Liburua zubi bat da hizkuntza-sormenaren esferatik, palindromogintzaren islatik, hiztunen komunitate irekira. Kezka intelektual apur bat duen edozeinek irakurri dezake. Palindromoen hizperimentazioa dago abiapuntuan, baina gero denon gauzak planteatzen dira eta denon hizkuntzan.

Euskal literaturan ze leku betetzera dator 101?

Euskal literatura, eta euskaldungoa orokorrean, korrontearen kontra bezala bizi gara, gauzak diren moduan ametituz gero urak eramango gaitu laster edo apur bat geroago. Mundu guztiari gertatzen zaio hori, baina euskaldunei modu berezian. Dena egiteko daukagu beti, hizkuntzatik hasita... Gure literaturak bete gabeko espazio handiak ditu oraindik, eta lan hau batez ere ustekabekoen, umorearen eta inkorrekzioen aldera dator.

Artistikoki eta sortzaile modura, zelan definitzen duzu Markos Gimeno?

Niretzat jenio bat izan zen, agian erdizka garatu zena, neurri batean bere gaixotasunagatik, eta bestetik bere sormena ondo bideratzeko aukerarik izan ez zuelako, bere lana gazte mugimendu lokalean geratu zen mugatua. Euskaldunontzat ona da bera bezalako sortzaileak izatea, pena da bera joanda gero konturatzen garela.

Badago paralelismorik Markos Gimeno eta Joseba Sarrionandiaren artean?

Ez dut uste, Markos jenio bat da gaixotasun diagnostikatu eta guzti, eta ni idazle arrazionalista bat naiz. Berdintsuak gara beste plano batean: bere bizitza errepasatzen konturatu naiz jende piloa ibili dela Ermuan herrilanean, Markos eta beste asko auzolanean euskararen alde eta beste gauza askoren alde, herri hori eta mundua hobetzeko asmoarekin; ni apur bat lehenagokoa naiz, eta 70eko hamarkadako herri mugimenduko jendea ezagutu nuen. Gero, telebistan edo liburuetan izen batzuk errepikatzen dira, gehienen izena aipatu ere ez da egiten eta askok egindakoa ahaztu egiten da laster. Markos eta ni, izendatu daitezkeenak baino gehiago diren herri-behargin eta sortzaile horietako bi baino ez gara, oihartzun edo erantzun apur bat izateko suertea izan dugunok.

Eta orain zer?

Gernikako Euskal Museoan, kartelen erakusketa izango da martxora arte. Gainera abenduan, ehun urte betetzen dira Kirikiñok euskarazko palindromoen txapelketa antolatu zuenetik Euzkadi egunkarian, eta antzeko zerbait egingo da Berrian; Bigara taldeak beste erakusketa bat dauka Mañarian zientzia museoan… Markosen obratik, parte txiki bat erabili da liburu honetan, beste batzuk egin beharko dira… Dena eginda balego, akabo. Gai honetan, beste batzuetan bezala, euskaldunek suertea dugu, dena egiteko dugulako.

Azala Erakusketaren inaugurazioa Gernikan. Kolaboratutako ilustratzaile, argazkilari eta grafitigileak