Maite Itoiz, musikaria: "Historian atzera bidaiatzea modukoa izango da"
- Nolakoa izango da emanaldia?
Hitzaldi/kontzertua izango da eta emanaldian nobela eta musika historikoek bat egingo dute. Totik bere eleberrietako hainbat pasarte irakurri eta komentatuko ditu, berak duen komunikatzeko modu bereziari jarraituta. Eta nik testuekin denboran edo espazioan bat egiten duten piezak interpretatuko ditut. Historian atzera egindako bidaia modukoa izango da. Errenazimenduko lauda eta harpa zeltikoa aukeratu ditut, jotzen dudan bitartean abesteko aukera eskaintzen didatelako biek. Errepertorioan, besteak beste, Nafarroako Teobaldo I.a eta Gaztelako Alfontso X.a erregeek idatzitako pieza bi daude.
- Aurtengo udan antzerako emanaldia eskaini duzue Oliten. Nolako esperientzia izan zen?
Oliteko antzerki klasiko jaialdian antzerako emanaldia eskaini genuen eta jendearen erantzuna izugarri ona izan zen. Aretoa txiki geratu zen eta, txaloak ez zirenez geratzen, "bis"-en bat edo beste eskaini behar izan genuen. Hainbatek euren poza azaltzeko egunkarietara ere idatzi zuten, ezinezkoa da hori baino estreinaldi hobea izatea!
- Nola sortu zaizu Totiri musikarekin laguntzeko aukera?
Elkarri jarraitzen diogu biok. Toti oso aurrera egitekoa da eta, zerbait bururatzen zaionean, ez da geratzen lortu arte. Horregatik, biok elkarrekin taula gainean jarduteko aukera bazegoela ikusi zuenean, proiektua errealitate bihurtu arte ez zuen atsedenik izan. Honen aurretik antzerako beste lan batzuk egin ditut. Une honetan Bernhard Hennen, "Die Elfen" best-sellerraren idazle alemaniarrarekin batera biran dihardut.
- Nolakoa da "Elfenthal" oraingo ikuskizuna?
Izen berari erantzuten dioten talde independiente bi hartzen ditu: taldeetako bat klasikoa da eta, bestea, balletak lagundutako opera-rock taldea. Klasikoan musika historikoan adituak diren musiko eta abeslariak daude. Europan oso harrera ona izan du Elfenthal taldearen opera-rockak eta Alemanian zerrendetako lehen postuan egon zen orain dela urte batzuk. Ahal bezain laster hona ekartzen ahaleginduko naiz, hurrengo show-ak euskerazko zatiak izango dituelako eta, beraz, hemen ez erakustea pena litzatekeelako.