Mangaleswaran Sivassubramaniam, Alemaniako srilankarra
Alemaniako gazteak independenteago
Alemanian eskolan nahiko zorrotzak zirela eta ordutegi jarraitua zutela kontatu digu Mangalanek. “Goizeko 07:00etan sartzen ginen eta 12:00etan edo 13:30ean irten, egunaren arabera. Baina gero ez ginen berriz itzultzen. Goiz eta arratsaldeko ordutegia hemen bakarrik ikusi dut”. Goizean goiz hartu behar izaten zuten eskolara joateko autobusa, baina gero arratsalde osoa zuten libre. “Hala ere, asteburuetan gazte gehienek lan egiten dute, dirua irabazteko eta independenteagoak izateko, gurasoei eskatzen ez ibiltzeko”. 18 urte betetzerakoan etxetik alde egiten dute orokorrean eta gero ez dute harreman esturik izaten gurasoekin”.
Alemaniarekin ezberdintasunak
Makinek ekarri zuten Mangalan Euskal Herrira. “Gauza berriak ezagutzea gustatzen zait eta 2008an Azkoitian lan egiteko aukera izan nuen”, esan digu. Hala ere, krisi ekonomikoak bete-betean harrapatu gintuen urtean, bere abenturak ez zuen hasiera erraza izan. “Lan barik geratu nintzen eta hasieran zaila egin zitzaidan hemen bizitzea. Bakarrik, lagun barik… Alemaniako eta Euskal Herriko jendearen pentsamoldea ezberdina da eta egokitu egin behar izan nintzen”, aitortzen digu. “Alemanian dena da zehatzagoa. Zerbait biharko izango duzula esaten badizute, horrela izango da. Harreman pertsonalak eta bikote harremanak ere ezberdinak dira, indibidualagoak”.
Sukaldea ogibide orain
Mangalanen lagunek eta familiak jatetxea zuten Alemanian eta eurekin egiten zuen lan batzuetan asteburuetan. Orain, han ikasitakoa praktikan jartzen du Forchetta jatetxean. Pizzek eta Italiako jakiek ez dute zerikusi handirik Alemania edo Sri Lankarekin, baina Mangalan bikain moldatzen da sukaldean. “Gainera, etxean ikasitako jakiak prestatzen ditut noizean behin”, diosku. Sri Lankako sukaldaritzan ezin da pikanterik falta eta zapore biziko jakiak prestatzen dituzte. “Orain arte ez da erraza izan osagai batzuk eskuratzea, baina orain lortzen ditut”, dio esker onez.
Tamilera eta euskara
Mangaleswaran Sivassubramaniam, Recklinghausen, Sri Lanka… guretzat ez dira berba errazak. Mangalanek ere antzeko zerbait pentsatu zuen Euskal Herria iritsi zenean eta hemengo herri batzuen izenak edo batzuren abizenak entzun zituenean. Mangalanen familian tamileraz egiten dute eta Recklinghausenen alemanieraz, noski. Hona iritsi zenean ingeleraz moldatzen zen jendearekin komunikatzeko, baina orain ondo egiten du gazteleraz. Eta euskaraz? “Ez dut berba egiteko gaitasunik, baina zerbait ulertzen dut”.
30 urteko Gerra Zibila
Sri Lanka Hegoaldeko Asiako uharte estatua da eta Indiatik 50 kilometrotara dago. Palk itsasarteak banatzen ditu lurralde biak eta antzina Adamen Zubiak lotzen zituen. “Lurrezko zubia zen eta, esaten dutenez, XV. mendera arte handik ibiltzea posible zen, baina zikloi batek suntsitu zuen eta orain hondar-bankuak ikusi daitezke”, kontatu digu Mangalanek. Bere familia Alemanian bizi da, “ez dut lotura esturik Sri Lankarekin”, baina bere sustraietara begiratzen du noizean behin. “2019an oporretan izan nintzen han emaztearekin”, esan digunez. “Herrialdean gerra zibila egon da 30 urtean eta gauzak asko aldatu dira. Jende askok alde egin du”, dio atsekabez.