Manifestazio jendetsua egin zuten Eibarren Emakumeen Nazioarteko Egunean

Manifestazio jendetsua egin zuten Eibarren Emakumeen Nazioarteko Egunean
2026/03/09 13:25
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, mobilizazioak egin zituzten atzo Euskal Herri osoan. Eibarren ere manifestazio jendetsua egin zen kaleetan zehar. Eguraldia lagun, herritar ugarik parte hartu zuten mobilizazioan.

‘Beste mundu bat feminismotik. Zapalkuntza sistemen aurrean, antolakuntza eta borroka’ leloa zeraman pankartak gidatu zuen manifestazioa. Mobilizazioan zehar indarkeria matxistaren aurkako mezuak eta genero-arrakalaren salaketak ere ikusi ziren, baita martxoaren 17rako deitutako greba orokorrarekin bat egiten zuen pankarta ere.

Mobilizazioa Untzaga Plazatik abiatu zen, eta herriko kale nagusiak zeharkatu zituen. Parte-hartzaileek aldarri feministak eta berdintasunaren aldeko mezuak zabaldu zituzten ibilbidean zehar.

Eguna, hala ere, manifestaziotik harago joan zen. Matraka eta Marasmia talde feministek egun osoko egitaraua antolatu zuten herrian. Goizean, 11:30etik 13:00etara, kafe-tertulia egin zuten Arrate Kultur Elkartean.

13:30ean abiatu zen manifestazioa, eta ondoren karropoteoa egin zuten. Arratsaldean, 15:30etik aurrera, bazkari autogestionatua eta jolasak antolatu zituzten. Eguneko egitaraua 18:00etan amaitu zen, herriko talde feministek antolatutako jarduerekin.