Mankomunitateak merkatari eta ostalarientzat atez ate hondakinak jasotzeko zerbitzu berria jarri du martxan
Mankomunitateak abiatutako programaren helburu nagusia hondakinak gaika bereiztea eta biltzea sustatzea da, establezimendu komertzialak eta ostalaritzakoak hondakinen kudeaketa arduratsuan inplikatuz. Era horretan, gaikako bilketaren datuak hobetu nahi dira eskualdean, “merkatari eta ostalariei beren hondakinak modu eraginkor eta iragankorrean kudeatzeko lana erraztearekin batera”.
Gaur prentsaurrekoa eman dute Eibarren, ekimen honekin bat egin duen lehen saltokietako batean, Txaltxa Zelaian dagoen fruta-dendan. Establezimenduaren jabea den Aisha Ourdik esan duenez, “oso harro gaude proiektu honetan parte hartzeagatik. Gure ustez, funtsezkoa da tokiko saltoki guztiek birziklapena babestea, etorkizun iraunkorrago bat izan dezagun”. Bestalde, Debabarrena Mankomunitateko Gerentea den Nerea Zubillagak ekintza hori garrantzitsua dela azpimarratu du: “Atez ate biltzeko zerbitzu berri hau birziklatze-eredu eraginkorrago baten aldeko apustu irmoa da, eta herritarrengandik hurbilago dago, gainera. Eibar eta Elgoibarko udalerrietan hasi gara, baina eskualde osora zabaldu nahi dugu”.
Materia organikoa biltzeko zerbitzua astelehenetik larunbatera egingo da; ontzi arinak, aldiz, astearte, ostegun eta larunbatetan bilduko dira. Eibarko ordutegia 9:00etatik 13:30era izango da eta Elgoibarkoa 17:30etik 19:15era. Bilketa guztiak digitalizatu egingo dira, zerbitzuaren erabilera ona baloratzeko.
Hobariak zabor-tasetan
2025erako, hondakinak behar bezala bereizten dituzten establezimenduei hobariak jartzeko aukera aztertzen ari da Mankomunitatea. Gaikako bilketak, ingurumenaren ikuspegitik ez ezik, ekonomiaren ikuspegitik ere onuragarria eta garrantzitsua dela erakutsi du, gehiago eta hobeto birziklatzeak sistemaren kostuak murrizten baiditu.
Programan eta biltzeko prozesuan parte hartzeko moduari buruz xehetasun gehiago nahi izanez gero, interesatuak Debabarrena Mankomunitatearekin jar daitezke harremanetan edo web orrialdea bisitatu.