Mara Zabala, Air Europak kaltetua: "Air Europa da araudia ezohiko moduan aplikatzen duen bakarra"
- Zergatik ukatu dizu Air Europak hegaldia hartzeko eskubidea?
Asistentziarako eskaera egitean hegan egiterik ez nuela erantzun zidan neskak ere ezin izan zidan arrazoi garbirik eman. Gertatu zaidanak ez dauka ez hanka ez bururik, are gutxiago Air Europarekin aurretik bidaiatu dudanean. Kontua da horrelako kasuetan konpainiek jarraitu beharreko pausoak ez daudela bat ere argi, hau da, indarrean dagoen araudia bakoitzak bere modura interpretatzen duela. Hala ere, beste enpresetan ez da horrelakorik gertatzen, segurtasunerako araua denentzat berbera izanda ere, gurpildun aulkian dagoen bidaiaria beste norbaitekin lagunduta joan ezean hegaldia hartzea ukatzen dion konpainia bakarra Air Europa da. Europa osoan, araudia ezohiko moduan aplikatzen diharduten bakarrak eurak dira.
- Eta zeintzuk dira Air Europako abioi batera bakarrik sartzea galarazten dizuten segurtasun neurri horiek?
Air Europak dioenez, eurek hartutako erabakiak araudiari zuzenean erantzuten dio. Esaten dutenez, araudian jasota dagoenez, edozein larrialdi egoera gertatzekotan bere kabuz hegazkinetik irtetzeko gauza ez den edozein derrigorrez norbaitek lagunduta egin beharko du hegan eta, bestela, laguntzaile barik, ezin izango du hegaldirik hartu. Baina Air Europa alde batera lagata, beste konpainia guztiek bestela aplikatzen dute arau berbera: segurtasunerako jarraibideak ulertzeko eta zure ebakuazioan laguntzeko gauza bazara inork lagundu barik har dezakezu hegaldia eta, beraz, bakarrik bidaiatu.
- Zu zeu aurretik ere hamaika hegalditan bakarrik bidaiatutakoa zara, ezta?
Bai, lan kontuengatik zein bestelako arrazoiengatik sarritan egiten dut hegan eta orain arte ez dut inoiz arazorik izan. Gainera, Air Europak emandako arrazoiak ez dauka inolako zentzurik: zer gertatzen da oso zaharra den norbaiten kasuan, adibidez? 90 urteko norbait hegazkinetik bakarrik irtetzeko gauza da? Baina horrelako kasuetan bakarrik bidaiatzen lagatzeko arazorik ez dago.
- Bestela, zure eskubideen kontra gertatutako hau albo batera lagata, zailtasun handiak topatzen dituzu eguneroko zure bizitza beste edozeinen modura bizitzeko?
Hiri bakoitza ezberdina da, toki bakoitzean aurkitzen duzun egoera bakarra eta berezia da. Orain Madrilen bizi naiz eta modu batean mugitzen naiz. Eibarrera joatean, berriz, bestelako egoerarekin topo egiten dut. Hasteko, Madrilen ez bezala, Eibarren aldapa mordoa dago. Herritar guztiak hiri barruan erraz mugitu ahal izateko pausoak etenbarik ematen dira, baina oraindik gauza asko geratzen da egiteke, adibidez espaloien rebajeari dagokionez.