Marasmia, belaunaldi arteko feminismoa antolatzeko espazio berria Eibarren
Otsailaren 20an aurkeztu zuten Eibarren Marasmia talde feminista berria, eta harrerak ezustean harrapatu ditu taldekideak. Belaunaldi aniztasuna ardatz, oinarri ideologikoak zainduz eta indarkeria matxistaren aurkako lana helburu, feminismoan antolatzeko espazio egonkorra eraikitzea dute xede. Martxoaren 8ari begira, Matraka taldearekin elkarlanean jardungo dute. Marasmia taldearen inguruko xehetasun gehiago azaldu dizkigute Naia Kortaberria eta Ale Arriola taldekideek.
Zein testuingurutan sortu da Marasmia?
ALE: Batik bat, Greba Orokor Feministaren fruitu izan da. Greba antolatzeko bileretan konturatu ginen Eibarren bazegoela feminismoan militatzeko gogoa zuen emakume* multzo bat, eta belaunaldi ezberdinak elkartuko zituen espazio baten beharra azaleratu zen. Behar horri erantzuteko asmoz, urtebeteko prozesua abiatu genuen orain arte.
Zein hutsune identifikatu zenuten herrian?
NAIA: Eibarren potentzialtasun handia dago, M8an edo erasoen aurrean ikusten den bezala. Baita beste hainbat eragile sozialetan aktiboki dauden emakumeekin* ere. Hori dela eta, feminismoan antolatzeko espazio egonkor eta intergenerazional bat falta zela ikusi genuen.
Zein da belaunaldi aniztasunaren garrantzia?
NAIA: Antolatzea ez da gazteen kontua soilik. Feminismoan aritzeko adin mugarik ez dagoela aldarrikatu nahi dugu, eta are gutxiago sistema gero eta bortitzagoa den honetan. Horregatik, badakigu ez dela erronka erraza, baina horretan gabiltza.
Zer-nolako harremana izango duzue Matraka taldearekin?
NAIA: Aliatu estrategikoa da. Publiko desberdinengana heltzen gara, baina une jakinetan elkarlanean arituko gara formakuntzetan, mobilizazioetan eta egun seinalatuetan.
Zein izango da M8ko egitaraua?
ALE: Marasmia eta Matraka elkarlanean aritu gara eta guk ere EHko Mugimendu Feministak argitaratutako irakurketarekin bat egin dugu. Aurtengo irakurketak Euskal Herriko Mugimendu Feministak indarkeria matxista gaitzetsi, nazioarteko elkartasuna adierazi eta instituzioei zein gizonei dagokien ardura hartzea exijitzen die, feminismoa eta antiarrazismoa oinarri hartuta, mobilizazioaren eta antolakuntzaren bidez beste mundu justuago bat eraikitzeko deia eginez. Irakurketa horren baitan, egun osoko egitaraua antolatu dugu: kafetertulia, manifestazioa eta bazkari autogestionatua.

Epe ertainera, zein dira erronkak?
NAIA:Taldea sendotzea eta kide berriak batzea. Ideia asko ditugu, eta udaberrirako ekintza bat prestatzeko asmotan gabiltza.
Zein mezu zabaldu nahi duzue?
ALE: Eibar eta Euskal Herri feminista posible direla, eta Marasmia talde feministaemakume* guztientzat espazio irekia dela, elkarrekin ikasi eta indartzeko helburua duena.