Marasmia Eibarko talde feminista berria aurkeztu dute

Eibarren eratu berri den talde feminista aurkeztu dute gaur arratsaldean Arrate Kultur Elkartearen lokaletan. Marasmia izenarekin jaio den taldea aurreko ikasturtean zehar eta kurtso honen hasieran egindako ariketa kolektiboaren emaitza dela adierazi dute aurkezpen-ekitaldian, eta bertan azaldu dituzte taldearen oinarri nagusiak.
Marasmia Eibarko talde feminista berria aurkeztu dute
2026/02/20 20:51
Silbia Hernandez Arrazola

Adin tarte zabala ordezkatzen zuen emakume taldea bildu da gaurko aurkezpenean. Sarrera gisa taldearen ordezkariek azaldu dutenez, “feminismoak berak gure agenteen bidez zeharkatzen dituen ideologiak zehaztu nahi izan ditugu, borrokaren aurrean jarrera argi bat izateko, eta taldea osatzen dugun pertsona guztiek gutxieneko izendatzaile komun bat erabaki dezagun. Eta adostutako oinarriek edo taldearen ‘abizenek’ aldaketak jasan ditzaketen arren, ideia berriei dagokien pisua emango zaie, ahal den neurrian, talde-prozesu baten bidez”.
Indarkeria matxista ikusaraztea eta publikoki salatzea da taldearen helburu nagusienetako bat eta, esan dutenez, “errealitate horiek kalera eraman nahi ditugu, eta erasoen aurrean nola erantzun hausnartu, bai modu indibidualean bai kolektiboan. Sistema zisheteropatriarkalari aurre egin nahi diogu, autodefentsa feministatik”.
Esan dutenez, taldearen ateak belaunaldi guztientzat zabalik daude, eta Matraka talde feministarekin elkarlanean aritzeko asmoa dutela ere azaldu dute. Aurrera begira, laster bilera irekia egingo dutela aurreratu dute, besteak beste Martxoaren 8ra begirako egitaraua antolatzeko.