Marasmia talde feminista: "Arrazoiak soberan ditugu A25ean kaleak hartzeko"

Indarkeria matxistaren adierazpen agerikoenak ez ezik, egunerokoan normalizatutakoak ere identifikatzeko deia egin du Marasmia Eibarko talde feministak. Autodefentsa feminista aldarrikatu dute, eta saretzea ezinbestekotzat jo dute faxismoari aurre egiteko.
Marasmia talde feminista: "Arrazoiak soberan ditugu A25ean kaleak hartzeko"
Marasmia talde feministako kideak
2026/11/23 13:06
Irati Alvarez Malaxetxebarria

"Ez dira garai errazak, eta egungo testuinguruan arrazoiak soberan ditugu Azaroaren 25ean kaleak hartu eta aldarriz betetzeko". Hala adierazi dute Marasmiako kideek, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunaren harira. Haien ustez, sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalistak bere egitura guztiak ditu martxan zapalkuntzak eta, ondorioz, indarkeriak betikotzeko. Emakumeak*, migratuak eta arrazializatuak eta sexu-genero disidenteak dira, haien esanetan, sistema horien eraginez gehien kolpatzen direnak. Egoera hori gero eta ageriago geratzen ari dela diote, faxismoaren, eskuin muturraren eta eskuineko mugimenduen jarrera eta diskurtso erreakzionarioen bidez.

Indarkeria matxista, ordea, ez da eraso fisikoetara mugatzen. Emakumeek* egunerokoan jasaten dituzten indarkeria mota ugari aipatu dituzte: kalean, lanean, eskoletan, jaietan eta etxean gertatzen direnak. Indarkeria fisikoa izozmendiaren ageriko zatia baino ez dela ohartarazi dute, eta haren azpian egiturazko sistema zisheteropatriarkala sostengatzen duten beste hainbat jazarpen mota daudela.

Besteak beste, bikotekidea jendaurrean gutxiestea, lagunarteko elkarrizketa matxistak, mugikorraren bidezko kontrola, emakumeen* gorputzak kontsumorako objektu bihurtzen dituzten publizitate-kanpainak, genero-ikuspegirik gabeko hirigintza eta umore sexista aipatu dituzte. Zaintza-lanen banaketa bera ere egiturazko indarkeriaren barruan kokatzen dute: emakumeek* sostengatzen dute sistema, askotan inolako aitortzarik gabe eta lan hori berez dagokiela sinetsarazita. "Sistema zisheteropatriarkala errotik suntsitu ezean, ez gara inoiz aske izango", adierazi dute.

Indarkeria horien normalizazioak kezkatzen ditu, baita aurten Euskal Herrian erail dituzten bost emakumeak ere. Diskurtso antifeministek eta matxistek egoera hori larriagotzen dutela uste dute: indarkeria matxistaren larritasuna gutxiesten, zalantzan jartzen eta normalizatzen laguntzen dute. Sare sozialen bidez mezu horiek azkar zabaltzen direla azaldu dute, txantxa-tonuaren, emakume eredu "eredugarriaren" eta bizitza perfektuaren estereotipoen edo feminismoaren aurkako mezu zuzenen bidez.

Horren ondorioz, gorrotoa, mespretxua eta emakumeen* aurkako kontrol-jarrerak normalizatzen direla salatu dute, eta emakumeen* zein genero-disidenteen eskubideak zapaltzeaz gain, mugimendu feministaren borroka deslegitimatzen dutela. «Ezin gara neutralak izan». Diskurtso horiek zalantzan jartzea, seinalatzea eta erantzunak kolektiboki eraikitzea ezinbestekotzat jotzen dute. Era berean, feminismoaren izenean gorroto-diskurtsoak zabaltzea edo feminismotik urrun dauden neurriak proposatzea gaitzetsi dute.

Autodefentsa eta aliantzak

Testuinguru horretan, autodefentsa feminista aldarrikatzen dute borrokarako tresna gisa. Marasmiako kideen arabera, ez da erasoen aurrean antolatzea eta erantzutea soilik. Eskubideen ukazioari aurre egitea, bizitzaren garestitzearen aurka eta etxebizitza-eskubidearen alde borrokatzea, zaintza-lanen banaketa aldarrikatzea eta bizi-eredu alternatiboak eraikitzea ere autodefentsa feministaren parte dira.

Horretarako, indarkeria matxista erreproduzitzen dutenen aurka antolatzeko deia egin dute: instituzioei indarkeriarekin amaitzeko baliabideak exijitzeko, gizonen arteko aliantzak salatzeko eta antifeminismoa antolatzen ari direnei aurre egiteko. "Faxismoari feminismoz erantzungo diogu", aldarrikatu dute.

Azaroaren 25aren harira, kafe-tertulia antolatu dute, hain agerikoak ez diren erasoak identifikatu eta horiei erantzuteko tresnak elkarrekin pentsatzeko. Izan ere, bortxaketak eta erailketak errazago identifikatu eta salatzen diren arren, beste indarkeria mota batzuk ez dira hain ikusgarriak. Horiek izendatzeko eta erantzuteko estrategiak lantzeko, elkartzea, hausnartzea eta esperientziak partekatzea beharrezkoa dela uste dute. Belaunaldi ezberdinen arteko topagunea ere izatea nahi dute, bizipen desberdinek elkarrizketa aberastuko dutelakoan.

Topaketaren helburua, beraz, hausnartzeaz gain, elkar ezagutzea, aliantzak sortzea eta elkarrekin gustura egoteko espazioa eskaintzea ere bada. "Gure arteko saretzea da Eibar feministago batera bidean urrats gakoetako bat". Marasmiako kideen ustez, aliantzak egiteko eta antolatzeko garaia da, askotariko subjektu eta borroken aitortzatik abiatuta, nork bere lekutik eta elkarrekin. Euskal Herriko Mugimendu Feministak Azaroaren 25erako aukeratutako leloarekin bat eginez, argi utzi dute: "Ez ginen atzera egiteko jaio, eta ez gara etxean geratuko".