Maria Belen Villalobos aktibistak hitzaldia emango du barixakuan Andretxean

Genero indarkeria bikarioari eta instituzionalari buruzko hitzaldia 18:00etan hasiko da.
Maria Belen Villalobos aktibistak hitzaldia emango du barixakuan Andretxean
2026/03/05 09:35
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Genero indarkeria bikarioari eta instituzionalari buruzko hitzaldia eskainiko du Maria Belen Villalobos Gilek barixaku honetan, martxoaren 6an, 18:00etan, Eibarko Andretxean. Saioa AmakinEibar taldeak eta Martxoak 8 lantaldeak antolatu dute. Saioa gaztelaniaz izango da. 

Villalobos Genero Berdintasunaren Sustapeneko Goi Mailako Teknikaria eta genero indarkeria bikarioaren zein instituzionalaren aurkako aktibista da, ikuspegi intersekzionaletik lan egiten duena. Bere jardunean emakumeen eta haien seme-alaben eskubideen defentsa du ardatz, bere esperientzia pertsonala ere tarteko: genero indarkeriaren biktima eta ama babeslea izan da.

Ibilbide luzea du arlo horretan. Besteak beste, 'Indarkeria bikarioaren eta genero indarkeria instituzionalaren kasuei buruzko azterlana: labirinto gaiztoa ama babesleentzat' ikerketan parte hartu du, eta 'Ama Babesleentzako Prestakuntza eta Harreman Gunea' ikastaroaren koordinatzailea da. Halaber, hamar urtez genero indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzeko sarearen koordinatzailea izan da 'Damos la cara contra la violencia de género' elkartean.

Horrez gain, Granadako 8M/25N plataformaren koordinazio-taldean aritu da, Juana Rivasi laguntzeko plataforman parte hartu du, eta indarkeria bikarioari eta genero indarkeria instituzionalari buruzko Estatu mailako topaketetan sare sozialen arduraduna ere bada.

Antolatzaileek azaldu dutenez, hitzaldiaren helburua indarkeria mota horiek ikusaraztea eta ama babesleen egoeraren inguruko hausnarketa sustatzea da. Interesa duen orok parte hartu ahal izango du.