Maria Otxandiano Aranegi, Eibar K.E.-ren logoaren egilea: "Eibar taldeko zaletua naizenez poza bikoitza izan da"
- Nola sortu zenuen logotipoa? Zer adierazi nahi zenuen?
Jokatzeko tarte gutxi zegoen, 75. urteurrenerako logoa izanda zenbakia agertzea ezinbestekoa zen-eta. Hortik abiatuta, mugimendua adieraziko zuen zerbait egin nahi nuen eta zenbakiak piskat okertuta antxitxiketan doan jokalariaren irudia egiteko aukera bazegoela ikusi eta hori marrazteari ekin nion. Izan ere, zenbakia okertu ezean foball jokalaria baino dantzaria zirudien. Epaimahaiko kideek lehiaketara aurkeztutako 40 proposamenak begiratu eta horien artean bost aukeratu zituzten eta horien artean gehien gustatu zitzaiena nik marraztutakoa izan zen.
- Diseinuarekin lotutako ikasketak egin dituzu. Horretan diharduzu beharrean?
Nire kabuz dihardut beharrean diseinu grafikoarekin lotutako hainbat arlotan eta web orriak ere sortzen ditut. Eibar eta inguruan urteetan martxan dauden hainbat enpresari garbi-usaina emateko irudi berria sortu diet eta, horrekin batera, Aldatze ikastetxearentzat promozio-bideoa ere egin dut, on-line dendak sortzen eta kudeatzen ditut baita ere… Eta horrelako lanen osagarri modura, une honetan Anabel argazkidendan jornada erdiz beharrean dihardut eta benetan pozik nago, gauza asko ikasten ari naizelako.
- Eibar foball taldearen jarraitzaile izanda, lehiaketa irabazi zenuela jakiteak poz handia emango zizun, ala?
Pentsa, bizitza osoan zaletua izan naiz, umetatik Eibar K.E.-ko bazkidea naiz eta ahal dudan guztietan Ipuruara joaten naiz partiduak ikustera. Lehiaketa hau irabazteak bereziki poztu nau, bai. Beste lehiaketa batzuk irabazi arren sortutako lana denbora tarte jakin batean erabili eta hor amaitzen da dena, baina 75. urteurrenaren inguruko ospakizunek oso denbora tarte luzea beteko dute eta, beraz, logoa luzaroan ikusteko aukera izango da.
- Nola diharduzu bizitzen igoera fasea? Aurten maila igoko duela pentsatzen duzu?
Aurreko domekako partiduan benetan urduri egon nintzen eta norgehiagoka amaituta ere, gauean oraindik urduri segitzen nuen eta kostata lortu nuen lo hartzea. Baina aurten bai, aurten Eibar taldeak igotzea lortuko du.