Maria Romero Laspiur, artista: "Artean ere baliabide berriak bilatu behar dira"
- Nolakoa da Portaleko erakusketa aretoan zabalduko duzun erakusketa?
Piska bat denetarik erakusteko asmoa daukat: nik margotutako koadroak, olioak ikusgai ipini ditut, hainbat zirriborro eta marrazkik lagunduta. Eta, horiekin batera, Aittu proiektuan serigrafiatu ditudan arropa batzuk ere erakutsiko ditut.
- Bakarka egiten duzun lehen erakusketa izango da?
Galeria edo erakusketa areto batean bakarka egiten dudan bigarrena izango da, lehena Londresen egin nuen.
- Arte Ederretan lizentziatu zara. Beti izan duzu argi artista izan nahi duzula?
Betidanik, txikitatik gustatu zait eta, horregatik, ikasketak ere horretara bideratuta egin ditut. Berez, hasieran moda diseinua ikasi nahi nuen, baina Arte Ederrak ikasi ditut.
- Askorendako oso zaila da artetik bizitzea. Zer diozu?
Egia da behar asko egin behar dela eta, oso artista ona izan ezean, oso zaila dela bertatik bizitzea. Hala ere, artearen barruan beste baliabide batzuk bilatuta, aurrera egiteko bideak badaude.
- Adibidez, Aittu proiektua modukoak sortuta?
Marina Agirre eta biok Londresen elkar ezagutu genuen. Bera moda diseinatzailea da eta, handik bueltan, aurtengo maiatzean elkarrekin sortu dugu Aittu proiektua: Marinak jantziak diseinatu eta nik horiek serigrafiatzen ditut, estanpatu eta marrazkiak gainean margotuta.
- Eta horiek saltzen egongo zarete gaur inauguratuko den Eibart artisau azokan, ezta?
Bai, gainera artisau azokako beste batzuekin batera, bihar 19.00etan azokan bertan desfilea egiteko asmoa daukagu, jendeak gure diseinuak bertatik bertara ikusteko aukera izan dezan.
- Eta orain arte nolako harrera izan dute zuek sortutako jantziek?
Oso pozik gaude, prestatu ditugun bilduma biak asko gustatu zaizkio jendeari. Azken batean, jende mordoak horrenbeste ikusten ez diren jantziak-eta gustoko ditu, beste inork jantziko ez duen pertsonalizatutako arropa janztea nahiago izaten du eta, askorentzat, Aittu-ren moduko diseinuak artelanak dira.