Marimaistra: "Helburua edozein euskaldun ganorabako da"
- Zein zara zu, Marimaistra? Nondik zatoz?
Ai bihotza, ez da galdera erraza! Marimaistra ez dator eta ez doa. Agertu eta desagertu egiten da, euskaldun ganorabakoek behar izaten dutenean, hizkuntzaren inguruko zalantza eta kezkak uxatzeko.
- Laguntzera zatozela diozu zure aurkezpen bideoan. Nolako laguntza ematen duzu ba?
Ene, amante. Euskararekin izan dezakezuen edozein zalantza argitzera nator; bai gramatikalak, bai erabilerakoak. Zuek galdetu, eta nik oso gustora erantzungo dut.
- Zure burua gu laguntzeko prest horrela eskaintzeko, horren premian gaudela ikusi duzu ala? Zertan behar dugu laguntza gehien?
Tira, bakoitzak du bere gurutzea... –begiak itxi eta arnasa sakon hartu du Marimaistrak– Zuek, adibidez, komaren erabileran duzue arazoa! Baina, orokorrean, erdaren interferentziak izaten dira: erdarari jarraitzen diogu kontuak azaltzeko orduan. Ahaztu egiten zaigu euskarak bere bide propioak dituela.
- Honezkero hainbat galdera jaso dituzu kontsultorioan. Nolako zalantzak dira?
Asko eta asko era honetakoak: “Hauxe entzun dut, ondo dago?”. Eta beste asko, itzelezko sinplekeriak. Pentsatzen hasia nago euskaldun ganorabakoak alferrak ere badirela, jaso ditudan galdera gehienak Googlen bilatuta ere argitu daitezke-eta!
- Zure laguntza behar duenak zer egin behar du? Zurekin kontaktatzeko bideak oso modernoak dira. Gazte "super-mega-hiper-teknologikoak" erakarri nahi dituzu? Eta hala bada, horiei euskera egokia nola erabili erakusteko prest zaude?
Modernoa telefonoa, e-maila eta twitter? Ene, edozeinek dauzka, barren! Ez, gazteak ez dira jopuntu bakarra. Helburua edozein euskaldun ganorabako da.
- Eta zuk zalantzaren bat argitu behar baduzu, nori galdetzen diozu?
Aizue! Ni Marimaistra naiz! Ez dut inori galdetu beharrik! Anbotoko Mariren dizipulua izanda, berak inspiratzen dizkit erantzun guztiak, ergatiboaren indarraren bitartez.