Marina Laspiur, artista: “Abesti bat sortzeko prozesua berezia da, abesti bat inoiz ez delako amaitzen”

Marina Laspiur, artista: “Abesti bat sortzeko prozesua berezia da, abesti bat inoiz ez delako amaitzen”
2020/10/30 08:54
eta kitto!
Aste honetan amaitu da ETB1-eko ‘Alardea’ telesaila. Itziar Ituño da protagonista, baina eibartar batek tokia izan du bertan. Bere musikak, hain zuzen ere. Marina Laspiurren ‘Kea’ izeneko abestiak telesailaren lehen kapitulua girotu zuen, eta agerian gelditu da disziplina anitzetan bikain moldatzen den eibartarraren talentua.

 

‘Kea’ abestia ‘Alardea’ telesailerako apropos sortu zenuen?

Konfinamendu-sasoian sortu nuen eta telesailaren arduradunek esan zidaten abestia guztiz bat zetorrela telesailarekin. Eta bai, nik eman nahi nuen mezuak guztiz egiten zuen bat telesailak kontatzen zuenarekin. Zoragarria izan zen.

 

Nola izan zuten zure abestiaren berri?

Beatriz Lopez Nogalesek egin du telesailaren soinu-banda eta, laguna izateaz gain, nire musikaria da (kontzertuetarako, grabatzeko... prestatzen nabil). ‘Kea’ abestiak liluratu egin zuela esan zidan eta telesailean erabili nahi izan du.

 

Zure abestia telesailean agertzeagatik jarraitzaile gehiago dituzula igarri duzu?

Bi aste zoro bizi izan ditut, oso pozgarriak! Izan ere, telesailaz gain, joan den astean ‘Radio 3’ irrati-katean konfinamendu sasoian egindako beste abesti bat jarri zuten. 'Casa40' egitasmoan agertu zen eta hala nola grabatuta zegoen. Bolada bikaina bizi dut eta espero dut ez amaitzea. ‘Radio 3’-en agertutako abestiarekin alderatuz ‘Kea’ beste kontu bat izan da, hobeto dagoelako grabatuta. Profesionalagoa da, beste moduren batean esatearren. Kritika onak jaso ditu eta demaseko babesa jaso dut. Madrilgo lagunek abestiaren esanahia ezagutu nahi dute, ez dutelako letra ulertzen (barreak).

 

Abesti gehiago grabatzeko asmoa duzu?

Abesti bat sortzeko prozesua berezia da, abesti bat ez da inoiz amaitzen. Hemendik bi urtera gaur egun eskuetan dudan abesti batekin jarraitu dezaket, aldaketak edo beste gauza batzuk egiten. Orain dela gutxi lehengusuak zera esaten zidan: “Ez zara horrekin zoratzen?”. Artea ez da amaitzen. Gainera, pertsona ez finituak garenez, denbora guztian eboluzionatzen goaz eta gure artea ere gurekin aurrera doa. Esku artean ditudan abestiak garatze-prozesuan daude eta kasu batzuetan ikusi dut borobiltzen doazela. Demaseko gogoa dut abesti horrekin zerbait egiteko.

 

Abesteaz gain dantza, interpretazioa, argazkilaritza eta beste hainbat arte-disziplina lantzen dituzu. Arlo ezberdinak lantzea gustatzen zaizu gauza bakar batean zentratu barik?

Ahal ditudan gauza gehienak egiten saiatzen naiz. Eibarren bizi nintzenean ere koroan, dantzan eta hainbat gauzatan nenbilen, eta Madrilen ere horrelako zerbait egitea behar dut. Arlo guztiak artearen inguruko disziplinak dira, baina osagarriak dira eta bat egiten dute, puntu amankomunak dituztelako. Oso aberasgarria da arlo guztiak lantzea. Gainera, dantzan ikasitakoa abestietan aplikatzen dut, adibidez. Sormen klaseak ere jasotzen ditut eta denetarako balio didate.

 

Arlo guztiek eskaintzen dute zerbait berezia. Gauza bat edo beste espresatzeko, disziplina bat bestea baino egokiagoa da?

Gorputzak eskatzen dit barruan dudana espresatzeko zein disziplina landu. Ez da aurretik pentsatzen dudan zerbait.

 

Madrilen arte eszenikoak ikas-teak zure sormena eta adierazpen artistikoa bultzatu du?

Bai, guztiz! Hona etorri aurre-tik ez nuen interpretazio klaserik jaso, ikastolako antzezlanez gain. Horregatik erabaki nuen Madrilera etortzea, Eibarren ezin nuelako egin. Orain 3. mailan nago eta nahiko zoroa da gauza hemen. Aukera asko dago, ekimen asko... zurrunbiloa da! Batzuetan gainezka egiten dut, gauza asko daudelako eta ahalik eta gauza gehien egiten saiatzen naizelako, baina oso gustora nago. Horrek gauzak neure kabuz egitera bultzatu dit, zain egon barik. Gero zerbait heltzen bada, bila ibili zarelako izan dadila. Konfinamenduaren ondorioz buruan klik egin dut. Ideia asko nituen eta, egunerokoan mila gauzatan nenbilenez, bigarren mailan geratzen ziren. Baina konfinamenduan denbora gehiago izan dudanez, modu naturalean irten zait hainbat gauza egitea. Orain garrantzi handiagoa ematen diet nire sormenei.

 

Egoera berezia da eta kulturak momentu larria bizi du, baina zuk behintzat alde ona aurkitu diozu.

Sarritan pentsatu izan dut pixka bat negatiboa naizela, baina gero ikusi dut gauza positiboekin geratzen naizela. Nahiago nuke inoiz ez konfinatu izana, baina momentu guztietatik atera daiteke zerbait, ona edo txarra. Azken batean, nik bakarrik bizi izan nuen hemen momentu hura, baina horrek lagundu ere egin ninduen, beti ikasten delako zerbait. Gauzak datozen moduan hartzen ditut. Denok nahi dugu bizitza modu batean ikustea, baina hori lortzeko jarraitu behar den bidea egitea ere mundiala da. Denok gabiltza bide horretan eta bide hori ahal den ondoen jarraitzea da nire nahia.

 

Bide horrek Eibarrera ekarri-ko zaitu zure lanen bat aurkeztera?

Asko gustatuko litzaidake! Egoera hori imajinatu izan dut. Orain dantza-pieza bat sortzen dihardut eta Eibarren aurkeztea zein berezia izan daitekeen pentsatu izan dut. Koroarekin Coliseoan eskainitako saioen oroitzapen bikainak ditut eta nik sortutako zerbait hara eramatea demasa izango litzateke.