Marina Perosanz: “Nire ametsa noizbait Zinemaldian pelikula bat aurkeztea da”

Lau urte daramatza Marina Perosanz eibartarrak Donostiako Zinemaldian lanean. Udalekuen gisa bizi du Zinemaldia: “Zoragarria da lanera joan nahi izatea eta urtero irrikaz itxarotea une hau”.
Marina Perosanz: “Nire ametsa noizbait Zinemaldian pelikula bat aurkeztea da”
2025/10/03 09:00
eta kitto!

Donostiako Zinemalditik herrira itzuli berritan gaixorik jarri da Marina Perosanz zinemagilea. Gaztearen hitzetan, gorputzak eutsi egin dio deskantsatu ahal izan duen arte. Ez da gaixorik jarri den langile bakarra. Azaldu duenez, aste oso intentsoa izan da Zinemaldiko langile guztientzat. “Hain azkar pasa da… Oraindik ez dut asimilatu. Hori bai, lankideak dagoeneko faltan botatzen ditut”.

 

Nola iritsi zara Donostiako Zinemaldian lan egitera?

Betidanik izan naiz oso zinemazalea, izugarri gustatzen zait pelikulak ikustea. Nire ametsa noizbait Zinemaldian pelikula bat aurkeztea da, baina hori gertatu arte… Orduan, zinemagile gisa joaterik ez nuenez, okurritu zitzaidan langile gisa joatea. Eta oso ondo atera zait: pelikulak ikusten ditut eta gainera ordaindu egiten didate! Gainera, izeba eta osaba Donostian bizi dira eta aste hau haiekin pasatzen dut.

 

Zein izan da zure eginkizun nagusia aurten?

Belodromoan lau emanaldi mota ditugu: Ikastetxeak Belodromoan, Orkestra sinfonikoa, pelikula “normalak” esango dugu eta Klausura Galaren emankizuna. Ni beheko palkoen arduraduna naiz. Umeen emanaldietan, lankideek pasillotik ikastetxeak bidaltzen dizkidate, eta nik esertzen laguntzen diet, batez ere gurpil-aulkiekin datozenei edo mugikortasun urria duten pertsonei. Beheko aldean nagoenez, Belodromo osoa ikus dezaket; orduan, ikastetxe bakoitza zein harmailatan esertzen den apuntatzen dut, gero irteera antolatzeko. Bestalde, arratsaldeko emanaldietan edo helduen emanaldietan, VIP palkoaren arduraduna naiz, eta famatuei laguntzen diet. Esan behar dut askotan umeak laguntzea famatuak laguntzea baino errazagoa dela… Horretaz gain, lankideei behar dutenarekin laguntzen diet: Belodromoa taldelana da.

 

Nolakoa izaten da Belodromoko eguneroko dinamika Zinemaldiaren egunetan?

Goizeko bederatzietan elkartzen gara. Erdi lo, egunari buruzko bilera txiki bat egiten dugu, eta areto barruan gaudenok hizketan geratzen gara lehenengo autobusa datorrela esaten diguten arte. Orduan, bakoitza bere lanpostura joaten da eta bere eginkizuna betetzen du. Umeen sarrera une kaotikoa izaten da. Egunero 2.000 haur inguru etortzen dira Belodromora. Baina, arazoak arazo, dena ondo ateratzen da. Behin pelikula hasita (aurten ‘Totoro Auzokidea’ filma ikusi dugu), deskantsatzeko unea da. Ni areto barruan geratzen naiz, edozer gertatzen bada ere, txanda aldatu eta atsedena tokatzen zaidan arte. Irteeran, beheko pasillotik nire harmailetako haurrak soilik irteten direnez, azkar izaten dira kanpoan (goiko pasilloa taponatu ohi da). Arazoa kanpoko lankideek dute. Bitartean, ni aurkezlearekin geratzen naiz, oraindik aretoan dauden umeak animatzen. Umeekin denbora pasatzea oso aberasgarria da, egia esan. Gainera hainbeste umerekin egoten garenez, errealitate anitzak aurkitzen ditugu: ume gorrak, desgaitasunak dituztenak, behar desberdinak dituztenak… baita Gazatik etorritako batzuk ere. Eszenatokia jaso eta bazkaltzeko ordua iristen da. Aurten ia egunero bazkaldu behar izan dugu Belodromoan, arratsaldeko emanaldiak edota entseguak goiz hasten baitziren. Denbora pasatzeko, aurten, ‘Go!azen’ telesailekoak Zinemaldian izango zirenez, haien dantza bat ikasten aritu gara. Argi dago ez garela aspertzen hamabi orduko lanordu hauetan (barreak). Arratsaldeak goizak baino lasaiagoak izaten dira. Aurkezleekin entseguak egiten ditugu, palkoko eserlekuak prestatzen ditugu eta publikoa iristen den heinean zein gunetan eseri behar diren adierazten diegu. Emanaldia amaitzean, gonbidatuak agurtzen ditugu. Mundu guztia leku beretik ateratzen denez, gonbidatuak ateratzean, harreran kate moduko bat sortzen dugu istripurik ez izateko. Esaterako, behin Liam Neeson etorri zen eta emakume batek gure gainetik salto egin zuen autografo bat eskatzeko… Gure lana egoera horiek saihestea da guztion ongizatea bermatzeko. Azkenik, gonbidatuak autobusean daudenean, itxiera-bilera bat egiten dugu soberan geratu diren pintxoak jaten eta garagardoren bat edaten dugun bitartean. Hurrengo egunerako prest!

 

Zein momentu edo une nabarmenduko zenuke bizipen berezitzat?

Esan bezala, aurten atsedenaldietan ‘Go!azen’ telesaileko dantza bat ikasten ibili gara… Ba azken emanaldian haiekin atera gintuzten dantzatzera (barreak). Ez zen langileok taula gainera igo ginen momentu bakarra: ikastetxeen azkenengo proiekzioan, urtero lez, Gangan Style dantzatzera atera ginen. Ostiralean denbora gehiago eman genuen eszenatokian gure lanpostuetan baino. Oso dibertigarria izan zen.

Bestalde, aurten asko miresten dudan zinemagile bat etorri da Belodromora, David Perez Sañudo. Oso emozionatuta nengoen. Gainera, bere filma ikusten geundela, momentu batean abesti oso famatu bat agertzen da. Belodromo osoa hasi zen hura koreatzen. Oso energia polita sortu zen eta, noski, negarrez bukatu nuen. Hainbeste pertsona batera kantatzen… Ederra izan zen.

Eta azken momentu bat, anekdota moduan: Klausura egunean VIP aretoa okupatuta zegoenez, denok elkarrekin komunetan ezkutatuta afaldu behar izan genuen. Kutrea izan zen, baina oso polita eta barregarria.

 

Zer berezitasun du Belodromoak, Kursaaleko galekin alderatuta?

David Perez Sañudok esan zuen moduan: “Nork nahi du Kursaala Belodromoa izanda?”. Belodromoa festa bat da; izan ere, 2022an, Fermin Muguruzak txosna bat eta txaranga bat ekarri zituen Belodromora. Oso berezia da. Beti dago jai giroa: 2.000 pertsona inguru toki berean elkartzea… magikoa da. Gainera Zinemaldiko “pifostiotik” urrunen dagoena da, eta mikroklima propio bat sortzen dugu bertan. Esan daiteke informalagoa dela. Lantaldea familia bat gara, eta hori gero emandako tratuan islatzen da (galdetu Jon Alonsori, aurten aktore moduan egon baita gurean). Belodromoa sekulakoa da.

 

Zein izan da zure lanaren erronka nagusia (egon baldin bada erronkarik)?

Erronkei guk “bromak” esaten diegu. Adibidez, goizeko azken emanaldian, lankide batek nahi gabe 120 ume bidali zizkidan beheko pasillotik. Harreran daudenek zein ikastetxe datorren adierazten digute, eta guk zerrenda bat dugu ikastetxe bakoitzekoak zenbat diren jakiteko. Horiek berez 50 ziren. Eta niregana bidali zituzten. Esan bezala, ni gurpildun aulkiekin egoten naiz, beraz, haur hauek okupatzen duten ilara okupatuta zegoen eta ezin zen hortik pasa. Baina beste aldean 60 eserleku libre nituen, beraz 50 soberan sartzen ziren. Non eseri adierazten nenbilela, bat-batean, konturatu nintzen beste ume batzuk esertzen ari nintzela, eta nire izena entzun nuen pinganillotik oihuka. Ez nuen ezer ulertzen. 60 eserlekuko palkoa beteta zegoen. Nola zen posible? Irakasleari galdetu nion eta 120 haur zirela esan zidan, ez 50. Momentu horretan azkar pentsatu eta erreakzionatu behar duzu, arazoa larriagoa izan ez dadin. Kontu handiz, beste 60 umeak gurpil-aulkien atzetik beste harmaila bateraino eraman nituen, nire lankide batek harmaila horretan beste ikastetxe bat esertzen zuen bitartean. Eskola bereko klase guztiak elkarrekin esertzen saiatzen gara, irteera errazteko, baina kasu honetan ez zen posible izan. Beti daude aurreikusi ezin diren gauzak, azken unean antolatu behar ditugunak... Baina, tira, denon artean konpontzen gara.

 

Nolakoa da talde-lana horrelako gune handi batean?

Belodromoaren kasuan oso erraza da, Ainhoak eta Estitxuk (gure saileko arduradunak) hilabete osoa ematen baitute guzti-guztia prestatzen. Nire moduko langileen kasuan, Zinemaldia hasten denean heltzean badakigu zer egin behar dugun. Makina handi baten engranajeak gara, guztion lanari esker funtzionatzen duena.

 

Zinemaldiaren antolakuntzaren parte izateak zer esan nahi du zuretzat?

Ikasketa. Hainbeste pertsonekin harremantzean, nabaritzen da nork egin duen lan publikoaren aurrean eta nork ez. Zinemaldia, filmez haratago, atzean dauden milaka langileak dira; horri esker eusten zaio jaialdi polit honi.

 

Etorkizunean jarraituko al duzu antolaketan? Zinemaldiaren parte izatera gonbidatuko zenituzke herritarrak?

Noski. Izan ere, datorren urteko irailean lanean ari banaiz, jai hartu nahi dut jaialdian lan egiteko. Udaleku batzuk modukoa da. Zoragarria da lanera joan nahi izatea eta urtero irrikaz itxarotea une hau. Ikusle moduan Belodromoa bisitatzeko aukera baduzue, han aurkituko nauzue ongietorria emateko.

 

Bada gehitu nahiko zenukeen mezurik, komentariorik…

Aupa Belodromoa! Aupa Zinemaldia! Eta aupa Zinema! Zinemalditik haratago, mundu guztia animatu nahi dut urtean zehar zinema-aretoak betetzera.