Mario Romero, Garrapata: "Legarreko lokalak izatea zorte handia da"
- Taldea sortu zela urte batzuk pasatu dira, baina nola aurkeztuko zenuke Garrapata ezagutzen ez zaituztenen aurrean?
Garrapata taldea 2004an, musika gustoko genuen lagun batzuk elkartu eta jotzen hasi nahi genuela bururatu zitzaigunean. Taldea koadrilako lagunek osatzen dugu, hasieran lau ginen, baina batek taldea laga zuen eta harrezgero hirurok elkarrekin dihardugu, Borja bateria eta koroak egiten, Joseba bajuarekin eta abesten eta ni neu, gitarrarekin eta abesti batzuei ahotsa ipintzen. Egia esateko, musika estiloa gustatzen zitzaigunez zerbait gehiago egitea bururatu zitzaigun halako batean. Gustatzen zitzaigun musika hori gu geuk zergatik ez genuen joko galdera buruan, hortik tira egin eta taldea sortu genuen, gutariko bakoitzak taldean beteko zuen tokia gure artean banatu eta jarraian.
- Nolatan ailegatu zaizue Legarreko jaietan kontzertua emateko aukera?
Garrapatako hiru kideak eibartarrak gara eta, beste askoren moduan, Legarren musikari gazteentzat dauden lokaletako batean egiten ditugu entseguak. Horregatik, jaiak antolatzeko beharretan hasi zirenean, zuzenean etorri zitzaizkigun jaietan kontzertua emateko proposamenarekin eta, jakina, guk pozik baietz erantzun genien, kontzertua ematen dugun guztietan disfrutatu egiten dugulako. Are gehiago Legarreko jaietan, azken batean gure taldearen lokala auzoan bertan dagoelako.
- Udalak Legarren herriko musikari gazteentzat lokalak zabaldu zituela urteak pasatu dira, baina nolakoa da bertako martxa gaur egun?
Lokal guztiak beteta daude, orain dela gutxira arte zazpi lokal zeuden eta, hala ere, lokal gehiago behar zirela ikusita beste bi gehiago prestatu dira. Beraz, une honetan tamaina ezberdina duten bederatzi lokal daude, taldeek entseguak eta egin beharreko beste lanak egiteko. Lokalaren tamainaren arabera, bakoitzean talde gehiagok edo gutxiagok jarduten dute. Guk, adibidez, beste bi talderekin batera erabiltzen dugu lokala eta, taldeen artean ordutegi modukoak zehaztuta, bakoitzak egun eta ordu jakin batzuetan erabiltzen dugu, ondo moldatzen gara. Guk zorte haundia izan genuen, taldea sortu eta nahiko azkar lortu genuelako lokaletako batean sartzea, itxaron-zerrenda luzeak egoten dira oraindik ere.
- Taldearen disko bakarra ere bertan grabatu duzue, ezta?
Bai, Garrapata taldearen disko bakarra den hau berez 2011n grabatu genuen Legarren horretarako dagoen grabazio estudioan, baina aurtengo urtarrilera arte ez da kaleratu. Diskoa osatzeko guri gehien gustatzen zaizkigun abestiak aukeratu genituen, denetarik dago: berez guk sortutako abesti batzuk baditugu, baina horiekin batera Eskorbuto, R.I.P., Cicatriz eta beste talde batzuren abesti ezagunak ere oso gustora jotzen ditugu oraindik ere.