Martxoaren 8ko programazioa aurkeztu dute
Bizitza duinak ikuspegi feminista eta dekolonial batetik lantzea izango da aurten Martxoaren 8ko ardatza. Eibarko lantaldeak hainbat ekintza prestatu ditu hilabete osorako eta gaur eman dituzte jakitera. “Egingo diren jardueren bidez, bizitza duinak ahalbidetuko dituen sistema baten ideiarekin lotutako pentsamenduak, egoerak, emozio fisikoak elkarrekin partekatzera eta ikastera gonbidatzen zaituztegu”, azaldu dute.
Aurten erabiliko duten goiburua ‘Bizitza duinak guztiontzat eta edonon’ izango da. “Gaur egun gure gizartean nagusi den bizi-ereduak, balioan jartzen ditu balore indibidualista, hiperazkarrak, kontsumista, atzerakoi eta zaurgarritasunaren kontrakoak, albo batera utziz heziketa edota irakaspen emozional, sexual eta bizitzarekiko jasangarriak direnak”, diote. “Bizi eredu hegemoniko hori biolentoa da eta ertzetan kokatzen diren sektoreak modu sistematiko batez erasotzen ditu; besteak beste, pertsona migratu eta arrazializatuak, gorputz ez-normatiboak, emakumeak eta sexu-genero disidenteak”.
Bizitza duinak
Sistema horren aurrean, Martxoaren 8 lantaldeak bizitza duinak sostengatuko dituen eredua aldarrikatzen du, “zeinetan pertsona guztientzako bizi-baldintza duinak eta bidezkoak ahalbidetzen diren. Bizi-baldintza duintzat jotzen dugunaren ekuazioan, uste dugu hainbat alderdi hartu behar ditugula kontuan, hala nola osasun integrala (baita osasun mentala ere), hezkuntza (publikoa eta kalitatezkoa), sexu- eta genero-aniztasunaren normalizazioa; enpleguaren baldintza justuak, zaintza-lanen eta pentsioen banaketa; indarkeria sexistarik gabeko bizitzak, pertsona guztientzako trantsizio ekosozial jasangarria, etab”.
Egitaraua