Mattin Iñiguez: “Gauza batek hainbeste ematen dizunean, ondorioak egon daitezkeela onartzen duzu”
Japoniatik erantzun digu deia Mattin Iñiguezek. Urte sabatikoa hartu du eta aspalditik koadernoan apuntatuta zituen bidaiak egiteko aprobetxatzen dihardu. Martxoaren 10ean Eibarren egingo du geldialdia eta bere kirolean murgilduko gaitu, ikus-entzunezkoa eskaintzeaz gain, berarekin solasaldia egiteko aukera egongo da-eta.
Japonian badago parapentean aritzeko ohiturarik?
Bai! Hegaldiak egiteko zona bat ezagutu dut eta badago komunitate bat errotuta, hegan egiteko ohitura duena, Tokiotik ordu eta erdi edo bi ordura.
Zentzu horretan, polita da kirol hau egitea, ezta?
Toki batetik bestera joateko aukera ematen dizulako. Bai, guztiz! Esango nuke azken aldian bidaia guztiak parapentean ibiltzeko egin ditudala. Japoniara elurretara etorri gara gehiago parapentean ibiltzera baino, baina hori du parapenteak, gauzak deskubritzeko beste modu bat dela. Baldintzak betetzen direnean, ia toki guztietan egin daiteke hegan.

Zein baldintza bete behar dira parapentean ibiltzeko?
Parapentea oso kapritxosoa da baldintzekin. Tokiak baino, sasoiak edukitzen du garrantzia parapentean aritzeko. Toki bakoitzak bere sasoia izaten du. Adibidez, udazkenean India izaten da toki aproposa, neguan Hego Afrika edo ekuatoretik gertuago dauden tokiak (Kenya, Kolonbia, Mexiko, Brasil...) eta uda gerturatzen denean ipar hemisferioa (Alpeak, AEB...).
Zuk, ostera, parapentea mendi-ibilaldiekin uztartzen duzu. Zertan datza hori?
Nahiko kirol kuriosoa da gurea. Vivac hegaldia deitzen dioguna gustatzen zait niri. Hau da, hegan egiten duzun bitartean bidaiatzea. Bizikletan zakutoekin bidaiatzen duen jendeak bezala, parapentean lotarako zakua, kanping-denda eta beharrezkoa sartzen dugu eta mendi batetik bestera joaten gara trabesiak eginez. Hori da modalitateetako bat.
Nolako bidaiak izaten dira? Zenbat egiten da hegan, zenbat oinez...?
Sasoiaren edo tokiaren arabera, eta zorteak ere badu zeresana. Izan ere, eguraldi ona tokatzen bazaizu, egun bakarrean ehun kilometrotik gora egin dezakezu hegan, baina eguraldi txarrarekin agian hegaldi txiki bat egiten duzu eta ia egun osoa oinez pasatzen duzu. Helburua ahalik eta gehien hegan egitea eta ahalik eta altuen lurreratzea izaten da, hurrengo egunean ondo kokatuta egoteko. Izan ere, normalean, vivac hegaldiak egiten ditugunean pisu handia eramaten dugu bizkarrean eta 20-25 kg-rekin ibilaldi luzeak egitea kosta egiten da. Beraz, mendiaren goiko aldean lurreratzen saiatzen gara, kanping-denda jarri, trasteak laga, ur bila jaitsi... Uraren kontua kudeatzea berebizikoa izaten da.
Azkenean, gauza asko hartu behar dira kontuan.
Abentura kutsu handia du honek. Planifikazioa egiten duzu, metereologia ikusi, eta hori toki guztietan ez da berdina. Europan eta beste zenbait tokitan oso informazio meteorologiko zehatza dugu, baina beste toki batzuetan ez dakizu hurrengo egunean zein eguraldi egingo duen. Orduan, ahalik eta goren egoten eta eki-aurpegia edukitzen saiatzen gara.
Zer esan nahi duzu eki-aurpegia diozunean?
Eguzkiarekin funtzionatzen dugu. Beraz, parapentean hegan egiten dugunean eguzkiak zuzen jotzen duen pareta bilatzen dugu. Pareta hori aldamenekoak baino gehiago berotzen bada, haize beroa botatzen du goraka. Orduan, putreak bezala ibiltzen gara ‘termika’ deitzen diogun haize-beroko poltsa horietan altuera hartzen eta batetik bestera mugitzen. Hori guztia bezperan kudeatu behar da: lurra non hartu, eta abar. Izan ere, hegan egiten duzunean aukera gehiago duzu toki batetik bestera joateko, baina lurra hartzen baduzu, hegan bost minutuko trantsizioa izango zena oinez sei orduko ibilaldia bihurtu daiteke... eta 20 kg bizkarrean dituzula! Horri aurrea hartzeak garrantzi handia dauka.
Zuretzat zer izan zen lehen gauza: mendi ibilaldiak ala parapentea? Nola iritsi zinen kirol horretara?
Menditik nator. Mendiko bizikleta, eskalada, alpinismoa... egiten nuen eta, mendian nenbilela, jendea hegan ikusi nuen eta probatzeko gogoa sartu zitzaidan. Hasieran, lagun bati ‘BASE jauzia’ egitera lagundu nion eta pentsatu nuen polita izan zitekeela mendia eskalatu ondoren horrela jaistea. Hegan egiteko giro horretan sartu nintzen eta ikusi nuen hegan egitea askoz ere gehiago zela. Hau da, bidaiatu eta distantzia luzeak egin daitezkeela hegan, eta horretara engantxatu nintzen: distantzia- eta mendi-hegaldiak egitera.

Euskal Herrian badago kirol hori egiteko ohitura eta zaletasuna?
Euskal Herrian asko igo da zaletasuna. Azken bost urteotan jende asko hasi da hegan. Eskaladaren mundutik jende asko pasa da parapentera. Gainera, Euskal Herrian oso toki onak ditugu hori egiteko. Beraz, nahiko komunitate aktiboa dugu.
Eskaladatik parapenterako jauzi hori ematerakoan, nola ikasi zenuen hegan egiten? Bazegoen formakuntzarako aukerarik? Ez dakit, agian zu izan zara aitzindarietako bat.
Aitzindaria ez, ezta gutxiago ere! 80. hamarkadan Orduña inguruan ala-deltarekin hasi ziren batzuk, eta baita parapenterekin ere. Bazeuden Himalaiara joaten ziren batzuk ere, zortzimilakoak igo eta tontorretik hegan jaisteko. Gure belaunaldiak buelta eman dio horri eta, orain, ez gara tontorretik jaisten bakarrik, ahalik eta urrutien hegan egiten saiatzen gara. Materiala asko hobetu da, parapenteak demaseko eboluzioa izan du azken 10-15 urteetan eta orain parapenteek askoz ere efizientzia gehiago dute, distantzia luzeagoan hegan egitea ahalbidetuz. Beraz, kontzeptua aldatu egin da eta Euskal Herri mailan bide berriak zabaltzen ibili gara azken urteetan.
Gozamenerako aukera ematen du, baina badu bere alde arriskutsua ere. Nola bizi duzu hori?
Parapenteak duen alde txarra da akats bat oso garesti ordaindu daitekeela. Tamalez, segurtasunaren aldetik asko dugu irabazteko oraindik, batez ere guk, pilotuek. Akats bat egiten baduzu, ondorioak oso larriak izan daitezke eta, egia esan, nahiko estatistika beltzak ditugu. Proportzioan, parte hartzen dugun kirolari kopurua kontuan hartuta, istripu asko dago. Gehienak ez dira larriak izaten, baina badaude larriak ere. Azkenean, zerbait asko gustatzen zaizunean, arriskuaz kontziente izan arren, egin egiten duzu. Nik neuk bi istripu izan ditut parapentearekin eta oso ondo geratu naiz, baina onartzen duzun arrisku bat da. Gauza batek hainbeste ematen dizunean, ondorioak egon daitezkeela onartzen duzu. Gauza txarrik gerta ez dadin ahalik eta neurri gehien hartzen dugu, formakuntzak jasotzen ditugu, simulazioak egiten ditugu eta arazoak daudenean nola erantzun praktikatzen dugu.
Martxoaren 10ean Eibarren izango zaitugu Red Bull X-Alps lasterketari buruzko solasaldian. Zer aurreratu dezakezu?
Joan den udan bizi izan dudan abentura oso potentea kontatzera joango naiz Eibarrera. Esan dudan bezala, menditik nator, baina azkenengo urteetan txapelketen munduan sartu naiz eta mundu mailan dagoen lasterketa garrantzitsuenetako batean parte hartzeko zortea eduki dut ‘hike&fly’ izeneko modalitatean. Bertan, mendi-lasterketak eta parapentea uztartzen dira. Alpeak alderik alde bi aldiz zeharkatzen dituen abentura lasterketa da, Alpeetako gailurreria lau aldiz gurutzatzen duena. Demaseko abentura da. Austria, Suitza, Alemania, Italia eta Frantzia gurutzatzen ditu, eta han ibili ginen bi astetan korrika eta hegan.