Mecalbe Eibar Eskubaloia erraz nagusitu zitzaion Elgoibarri Ipuruan

Mecalbe Eibar Eskubaloia erraz nagusitu zitzaion Elgoibarri Ipuruan
2022/11/22 08:35
eta kitto!
1. Nazional Mailan jokatzen duen gizonezkoen talde nagusiak 29-15 irabazi zion Elgoibarko Alcorta Forging Group taldeari Ipuruan jokatutako derbian eta, emaitza horrekin, sailkapenean aurrera egin duen boskotearen barruan jarraitzen du: Anaitasuna eta Zaragoza daude goian, 18 punturekin, 17 ditu Romok eta 15ekin daude Trapagaran eta eibartarrak. Oraingoan Jon Barruetabeña izan zen Mecalbeko goleatzaile nagusiena, sei golekin, Mikel Zuloaga multzoko pitxitxiaren aurretik, azken hau bostekin. Datorren asteko irteera zailagoa izango da Fernando Fernandezen mutilentzat, Helvetia Anaitasuna liderraren kantxara.

Emakumezkoen Ohorezko Zilarrezko Mailan jokatutako partiduan, bestalde, Mecalbe Eibar Eskubaloiak amore eman behar izan zuen Zaragoza liderraren kantxan (30-20). Markagailuan hasieran aragoiarrek ezarritako 7-0ak asko markatu zuen partiduaren norabidea eta eibartarrak partidu guztian atzetik joatearekin konformatu behar izan zuten. Irati San Martin izan zen talde armaginaren goleatzaile nagusiena, lau golekin. Sailkapenean laugarren dagoen Castroko Loizaga Construcciones izango dute aurkari hurrengo jardunaldian Ipuruan, aurkari gogorra maila berri honetako beste guztiak bezalakoa.