Medikuen grebak eragina izango du gaur eta bihar Eibarko osasun zerbitzuetan

Medikuen grebak eragina izango du gaur eta bihar Eibarko osasun zerbitzuetan
2026/01/14 13:42
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Osakidetzako medikuek greba egingo dute gaur eta bihar, urtarrilaren 14an eta 15ean, Euskadiko Sendagileen Sindikatuak (SME) deituta. Grebak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun sistema publikoko medikuak hartzen ditu, eta, ondorioz, Eibarko osasun zentroetan eta eskualdeko ospitaleetan ere mediku asko greban izango dira.

SMEk ohar baten bidez jakinarazi duenez, medikuentzako estatutu propioa aldarrikatzen dute lan baldintzek ez dietelako behar bezala erantzuten lanbidearen berezitasunei, ardurari eta arriskuei. Besteak beste, 24 orduko guardiak amaitzeko eskatu dute, salatuz lanaldi horiek arriskutsuak izan daitezkeela bai profesionalentzat bai pazienteentzat.

Medikuen mobilizazioak urrian hasi ziren, eta abenduan lau eguneko greba egin zuten. Orduan, milaka medikuk egin zuten bat protestekin, eta zenbait ospitaletan atzeratu edo bertan behera geratu ziren larriak ez ziren ebakuntza eta prozedurak. Sindikatutik adierazi dute ordutik ez dutela aurrerapauso esanguratsurik ikusi, eta horregatik egin dutela beste bi eguneko greba deialdi hau.

Greba egunetan, elkarretaratzeak ere egingo dituzte: gaur Gurutzetako ospitalearen atarian, eta bihar Gasteizko Olagibel osasun zentroan, biak 11:00etan. Eibarren ez da mobilizazio zehatzik iragarri, baina grebaren eragina nabari daiteke kontsultetan eta arreta arruntean.

SMEk ohartarazi du osasun agintariek jarrera aldatzen ez badute greba mugagabea deitzeko aukera ere mahai gainean dutela. Bien bitartean, Osakidetzak jakinarazi du gutxieneko zerbitzuak bermatuko dituela; herritarrei pazientzia eskatu die, eta aurrez aurreko hitzorduetan aldaketak egon daitezkeela ohartarazi du.