Mek-eko gizonezkoen garaipen erraza, emakumezkoen porrot garbia
Eibarko mutilek garaipen garrantzitsua lortu zuten Egiaren aurka, zailtasunekin hasi baina 30-23ko aldeko emaitzarekin amaitu zen partiduan. Lehen zatia oso parekatua izan zen, Egia partidan hobeto sartuz eta eibartarren baloi galerak aprobetxatuz 2-3 gol aurretik jartzeko zenbait unetan. Hala ere, Eibar hobetzen joan zen pixkanaka, akatsak zuzendu eta defentsa doituz, atsedenaldira markagailuan abantaila txiki batekin iristeko.
Partiduaren bigarren zatian Mek Eibarrek bertsiorik onena erakutsi zuen. Defentsako lan onak eta erasoan eraginkortasun handiagoak abantaila 5 ta 6 golera zabaltzeko aukera eman zioten etxeko taldeari, eta errenta horri eutsi zioten azken txistua jo arte. Sartutako 23 golek defentsako lan sendoa eta atezainaren jardun nabarmena islatzen dute, erritmo handiko eta eraso askoko partiduan.
Bestalde, Eibarren emakumezkoen taldeak 27-19 galdu zuen Castro Urdialesen aurka. Partidua maldan gora hasi zen eibartarrentzat, lehen bost minutuetan hiru baloi galdu baitzituzten. Castrok aukera horiek aprobetxatu zituen kontraerasoko golak sartu eta aurrea azkar hartzeko. Defentsa ez zen beste batzuetan bezain sendoa izan, eta horren erruz etxeko taldeak abantaila handitu zuen pixkanaka, atsedenaldia baino lehen 4-5 goleko errenta lortuz. Bigarren zatian Eibar erreakzionatzen saiatu zen, bere defentsa planteamendua aldatuz. Horri esker, hiru goleko aldea baino ez zuten lortu, baina erasoa ez zen maila berean egon, aukera asko alferrik galdu baitzituzten, azkenerako 24 baloi galera horiek erabakigarriak izateko.