MendiTour-eko pelikularik onenak botako dituzte bihar eta etzi Coliseon

Saio bakoitzean hiru pelikula eskainiko dituzte, kasu bietan proiekzioa 18:30ean hasiko da, eta prezioa 5 eurokoa da
MendiTour-eko pelikularik onenak botako dituzte bihar eta etzi Coliseon
2024/03/11 08:54
eta kitto!

Klub Deportiboko mendi batzordeak antolatutako Mendi Jardunaldien barruan, bihar eta etzi ohiko film emanaldiak eskainiko dituzte, betiko lez Bilbon urtero egiten duten Mendi Filmeko pelikula onenekin. Saio bakoitzean hiru pelikula eskainiko dituzte, kasu bietan proiekzioa 18:30ean hasiko da, eta prezioa 5 eurokoa da.

 

Crying glacier

Martitzenean, hilaren 12an, Mendi Film 2023ko film labur onenarekin hasiko da proiekzioa. Lutz Stautner zuzendariaren “Crying glacier” filmak 14 minutuko iraupena du eta ingelesez emango dute, euskerazko azpitituluekin.

Bere sinopsia: “Zenbat eta zaratatsuagoa izan glaziarra, orduan eta indartsuagoa da haren urtzea. Kirrinkak eta uhinak iragankortasunaren ahotsa dira. Ludwig Berger soinu artistak inguratzen gaituen mundua entzutea zein garrantzitsua den erakusten digu. Film honetan, Suitzako Alpeetan Morteratsch glaziarrera egindako bisita ugarietako batean agertzen da, betiko desagertu litezkeen soinu liluragarriak biltzen”.

 

Udalatx, ura eta atxa

Jarraian Eñaut Iturbe eta Iban Ayesaren "Udalatx, ura eta atxa" euskarazko lana eskainiko dute. 37 minutu irauten du aipatutako MendiFilmeko Zabalaldi sekzioan parte hartu zuen filmak.

Bere sinopsia: “Udalatx mendia (1.117m), bizidunen bizitokia izan da garai ontaezinetatik. Harrezkero harriek, mineralek, altzairuak eta burdinak estali dute Udalatx, barrutik zein kanpotik. Mendetan zehar izan dira ustiatuak mendiak eskaintzen dituen baliabide ugariak. Betierekoa dela iruditu arren, ordea, iragankorra da eta Udalatx ere agortuz doa. Hala ere, bere erraietan bizi-bizirik jarraitzen du. Haizea da, harria, kabia, gaua, magala, kobazuloa, basoa, bidexka, harkaitza, amildegia da. Bizi izandakoak, bizi direnak eta biziko direnak gogoan, Udalatx babesteko deiadarra luzatzen zaio gizarteari”.

 

Everest invaders

Azkenik, Jean-Michel Jordaren "Everest invaders" (Asalto a la papelera más alta del mundo" botako dute, 53 minutukoa eta egun horretako luzeena. Gazteleraz eskainiko dute, euskaraz azpititulatuta.

Bere sinopsia: 2023an bete ziren Edmund Hillaryk eta Tensing Norgayk Everest konkistatu zutela 70. Reinhold Messnerrek, oxigeno artifizialik gabe 14 zortzimilakoak igotzen lehena izan zenak, ohartarazi du mendiak kirol-eremu erraldoiak bihurtzen ari direla. Alpinismoa kontsumo-ondasun bihurtu da, eta Everest munduko zabortegirik altuena. Himalayako zortzimilako guztietara hedatzen den inbasioa da”.