Merkatu plazako baserritarrak bizilagun berrien zain

Errebal Plazako baserritarrak gustora daude bertan
2024/10/18 10:56
eta kitto!

Hainbat urtez Rialton egon ondoren, herriko baserritarrek Errebal Plazan aurkitu dute etxe berria. Esan daiteke jatorrira itzuli direla, Errebalen zegoen merkatu plaza laga behar izan zutelako Rialtora joateko. Gorabeherekin, ekoizle gehienek postuari eutsi diote eta, baserrietan errelebo falta dagoela aipatzen duten arren, bertan jarraituko dutela diote.

 

Eguaztenean egon gara bertan eta Barrundi baserriko Maria Jose Unzetabarrenetxeak euren egoeraren berri eman digu. Badabil jendea, baina esan digunez ez da izaten asteko egunik biziena. “Astelehenetan jende gutxi etortzen da eta saltzen ere gutxi egoten gara. Martitzenetan gehiago mugitzen da, eguaztenetan eta eguenetan are gehiago, eta barixakuak eta zapatuak izaten dira egunik fuerteenak”, bere berbetan.

Sasoian sasoikoa eskaintzen dute bertan, “etxean duguna”, Maria Josek dioenez. “Piperren eta tomateen sasoia amaitzera doa, baina orain porruaren, txikoriaren, borrajaren, intxaurren eta eskarolaren sasoia hasiko da". Erosleek asko baloratzen dute bertan eskaintzen dena eta erosle finkoak dituzte, astero-astero joaten direnak.

Baserritarrak dio sasoi batzuk beste batzuk baino hobeak izaten direla. “Gabonetatik apirilera arte nahiko geldi egoten gara. Orduan hasten dira babatsak, ilarrak… eta orduan hasten da mugimendua”, azaldu digu Maria Josek. “Orain letxuga daukat giro ona dagoelako egiten, baina neguan ez dugu irabazten, ez dugulako negutegirik. Udaberrian gauzak etortzen dira poliki-poliki eta mugimendu gehiago ikusten da”.

Maria Josek ez daki klima-aldaketarengatik den edo ez, baina aldaketa batzuk igarri ditu. “Udazkenean beti egin ditu haizeteak, baina egia da ez duela lehen beste hotz egiten, ez duela elurrik egiten, eta ortuan zomorro gehiago dagoela dirudi. Lurra ere ezberdin ikusten dut. Agian guk geuk lurra lehen bezala zaintzen ez dugulako da hori”, bere iritziz.

 

Udan fresko, neguan epel

Bera eta bere mahai-lerroan egoten diren baserritarrak “burugogorrak” direla dio Maria Josek. “Egunero etortzen gara, urte guztian. Rialton egon ginenean ere horrela izaten zen”, azaldu digu. “Batzuetan beste saltzaile batzuk ere etortzen dira, tomate saltzailea adibidez, baina gutxiago”.

Baserritarrek bi urte daramatzate Errebal Plazan eta, Maria Josek esan digunez, bertan ondo daude. “Bista ederrak ditugu, argitsua da, polita, berria… baina Rialton egon ginenean aguantatu egin behar zen eta han egon ginen”, diosku. “Gainera, udan fresko egoten gara eta neguan epel”.

Basagunea izango da bizilagun berria San Andres egunetik aurrera eta Maria Josek begi onez ikusten du euren etorrera. “Urteekin ikasten duzu zenbat eta jende gehiago egon, hobe izaten dela”, bere iritziz. Beretzat horren adibide da gaur egun eguenetan gertatzen dena: “Sosolakoak eguenetan etortzen dira ogia saltzera eta, jendea ogitara etortzen denez, beste zerbait gehiago erosten amaitzen du”.