Mikel Garaizabal, enologoa: “Ikasteko eta gozatzeko gogoa duen edonor etorri daiteke ardo-dastaketara”

Mikel Garaizabal, enologoa: “Ikasteko eta gozatzeko gogoa duen edonor etorri daiteke ardo-dastaketara”
2018/10/05 08:51
eta kitto!
Ardoaren kulturaren dibulgatzailea da Mikel Garaizabal. 1996. urteaz geroztik dago murgilduta ardoaren munduan eta 700dik gora dastaketa saio egin ditu. Eibarren era izan dugu noizbait, eta urriaren 17an berriz izango dugu berarekin ardo-dastaketa egiteko aukera ‘...eta kitto!’ Euskara Elkartean. Hilaren 10era arte egongo da zabalik izena emateko epea eta 3 euro ordaindu beharko dira.

 

- Nolako ardoak dastatu ahal izango dira?

EAEn egiten diren produktuak sustatu eta ezagutzera emateko proiektua garatzen gabiltza HAZI fundazioarekin elkarlanean, eta dastaketa ezberdinak eskaintzen ditugu horren harira. Kasu honetan txakolina eta Araba-Errioxako ardoa dastatuko ditugu, eta kontsumitzailea informatu eta hezitzeaz gain, aurkeztutako produktuen atzean zer dagoen ikusaraztea da helburua. Modu atsegin eta dibertigarrian egingo dugu, eta berba teknikoak erabili gabe txakolinak eta Araba-Errioxako ardoak zein ezaugarria dituzten azalduko dugu. Hiru txakolin (Getarikoa, Arabakoa eta Bizkaikoa) eta Araba-Errioxako bi ardo dastatuko ditugu.

- Nolako gauzak hartu behar dira kontuan dastaketa egiteko momentuan?

Ibilbide enologiko bat egingo dugu, gure zentzumenekin zerbait aztertuz. Ardo bat dastatzean zerbait etorri ahal zaigu gogora (masustak, bainila...), baina askotan ez dakigu ziur zer den sentitzen dugun hori. Beraz, sudurra hezituko dugu jolasekin eta ikusmena, dastamena eta ukimena ere trebatuko ditugu. Jolasekin hobeto ikasten da. Zein lurrin, zapore eta kolore dauden erakutsiko diogu gure garunari.

- Dastaketa gidatuek ardoaren dastaketa aberasten dute?

Usaimenak gure egunerokotasunean nolako garrantzia duen ikusiko dugu jolasen bidez. Usaimenarekin elikagaiak onak dauden edo ez jakin dezakegu, eta bizitza salbatu ahal dugu baita ere (etxean gas-jarioa badago, adibidez). Gizakiok ez diogu garrantzia ematen usaimenari, baina edozein elikagai ahora eramatean jasotzen ditugun sentsazioen %70 lurrinak dira. Katarroa dugunean, adibidez, lurrinak bereizten dituen nerbio edo sentsore hori anestesiatuta edo hilda egoten da, eta edozein elikagai ahora eramaten dugunean ez dugu inolako zaporerik nabaritzen. Ardo-dastaketa honetan logika bilatuko diegu egunero egiten ditugun gauzei.

- Gaian trebatuta edo entrenatuta joan behar dira dastaketara?

Ez horixe! Ardoa eta euskal produktuak gustatzen zaizkion edozein pertsonarentzat dago zuzenduta dastaketa. Ikasteko eta gozatzeko gogoa duen edonor etorri daiteke.

- Txakolina edatea modan jarri da azken urteotan?

Txakolinak gero eta kalitate handiagoa dauka. Orain dela 25 urteko txakolinak eta gaur egungoak ez daukate zerikusirik. Sektorea profesionalizatu egin da, jende hezitua sartu da, mahasti-zaintzan eta bitikulturan lan asko egin da, eta hori asko nabaritzen da. Kalitatezko produktua daukagu eta hobea izatea lortu behar dugu. Oso txakolin onak daude merkatuan eta jendeak baloratu egin du. Bizi diren tokian produktu zoragarriak dituztela konturatu dira kontsumitzaileak.

- Zentzu horretan euskal herritarrak pribilegiatuak gara?

Bai, eta ez bakarrik ardoarengatik, elikagaiengatik ere bai. Euskal Herria herri txikia da, baina lehengai zoragarriak ditugu eta demaseko kultura gastronomikoa daukagu.