Mikel Larreategi: “Klub Deportiboa zerbitzu kluba da eta filosofia horri eutsi behar dio”

Mikel Larreategi: “Klub Deportiboa zerbitzu kluba da eta filosofia horri eutsi behar dio”
2016/02/26 12:41
eta kitto!
Mikel larreategik lasaitu ederra hartuko du gaurko Klub Deportiboko batzar orokorrean bere presidente kargua lagata. Postu hori hartu zuenean ez zuen imaginatuko hamar urte egingo zituela karguan, horrek dakarren bilera eta bestelako erantzukizunei lotuta. Baina etapa bat bete du eta hor lagun izan dituen zuzendaritza taldekoak ere berarekin joango dira, erreleboa hartuko dutenei laguntzeko prest. Batzar orokorra Deporren bertan izango da gaur,  gaueko 20:00etan.

– Zer moduz joan da azken hamarkadako esperientzia Klub Deportiboko presidente moduan? Espero zenuenarekin egin duzu topo? Ikasteko astirik bai?
Ikasi asko egin dut, baina kudeaketaz batez ere. Ez dakit zorionez edo zoritxarrez izan den, baina alor horretan derrigorrezkoa egin zaigu ikastea. Hasieran koordinazio-lana zena urteekin idazkaritza-lana izatera pasatu da. Krisiak ere bete-betean harrapatu gintuen eta, horrekin batera, diru-laguntzak eskatzea lan handiagoa eman zigun, gastu-kontzentzioarekin ikasi behar izan genuen bizitzen, Miguel Diego hil ondoren Kiroldegiaren kudeaketa aldatu zen... Goizetik gauera hainbat aldaketekin jakin behar izan genuen moldatzen, baina hori guztiori estabilizatzen joan dela esan genezake.

– Klub Deportiboagoa jantziagoa lagako duzue etorkizunerako diozunari aurre egin eta gero?
Lagatzen duguna lan orokorra da, batez ere kudeaketan eta koordinazioan zentratzen dena. Klubaren hamahiru batzordeak mini-klubak balira funtzionatzen dute aspalditik eta hori bada laguntza. Horregatik, egindako lana aberasgarria izan dela esango nuke. Hori bai, Administrazioarekin beste modu batera jokatzen moldatu behar izan dugu, diru-laguntzak eskatzerakoan-eta paperak zelan bete eskakizunei modu egokian erantzuteko.

– Kudeaketa profesionala/amateurra dago eztabaidan. Nondik jo daiteke? Administrazioak lagun dezake?
Argi dago lagun dezakeela: dirua ipintzen badu, profesionalen alde eginez. Klubaren diruarekin ezin da administratatzaile bat kontratatu. Horretarako daude Euki, Somos edo Gaurve, esaterako. Baina klubean argi daukagu gure funtzioa dela kirol-ekintzak sustatu eta egitea; ez gaudela hemen administrariei dirua emateko. Bestela, dena pribatizatu beharko genuke; eta ez gaude bide horren alde.
Klub Deportibotik herrian antolatzen dugun guztiaz konturatzen da Administrazioa? Galdera egiten dut, askotan horren seinalerik behintzat ez duelako ematen. Eibarko Udalak ezingo luke antolatzen dugunaren laurdena ere antolatu. Esaten dizutenean “legeak esaten du” pentsatzen duzu bestelako jarrerarik ere hartu daitekeela. Gertutasunaren arabera ere desberdina da: Udalarekin, esaterako, harreman estuagoa dugu Diputazioarekin baino. Baina, orokorrean Administrazioa klubetik oso urrun dago, neurri berdinak eskatzen dituelako kopuru desberdinekin. Eta horretan gehiago saiatu beharko litzateke. Klub Deportiboak 18:00-etatik aurrera funtzionatzen du: gure errealitatea eta beste klubetako %90ena ez da eguerdiko 12:00etan telefonoa hartzekoa.
Gipuzkoako Diputazioak Kirol-Etxea sortu du bide horretan laguntzeko eta ez da ideia txarra. Aurretik ere euren 3 K proiektuan hartu genuen parte aholkulari lanak egiten zigun gure kudeaketa hobetzeko lanean eta horrek balio izan digu erreleboa egokiago egiteko. Gure lekukoa hartuko dutenek beste perspektiba batekin jokatu ahal izango dute: dokumentu-sorta behintzat eskura izango dute.

– Zuen ondorengoak lotuta dituzue?
Batzarrera itxaron beharko da. Ni ahalegindu nintzen lekukoa pasatzen, baina ezetz esan zidaten, birritan gainera. Baina gu bagoazenez, badirudi badagoela talde bat guk orain arte egindakoari jarraipena emateko. Nire animoak izango dituzte eta baita laguntza ere: eskua -edo esku biak- botatzeko prest nago, baina bileretan ez naiz izango. 1999tik, xakeko batzordearen ardura hartu nuenetik, nabil bileretatik irten gabe.

– Zelako egoeran dago gaur egun Depor?
Leku gehienetan bezala, jende gaztearen inplikazioa falta da. Gure finantzak egonkorrak dira, lokala gurea da, bagara 2.500 bazkide, batzorde bakoitzak bereari ondo eusten dio... baina errelebo falta nabarmena da. Oraingo gazteak beste mentalitate batekin datoz eta asko kostatzen zaie inplikatzea. Hau zerbitzu kluba da azkenean, hemen ez dago soldatapeko lanik. Argi dago filosofia kontua dela, baina ez dot uste komeni zaigunik hori aldatzea.

– Ez da klub askorik egongo hainbeste batzordekin...
13 klubeko kluba da gurea, arratsaldeko 19:00etatik aurrera funtzionatzen duena. Herriaren eta Administrazioaren aurrean eskaintzen duen indarra, batez ere kirol minoritarioen alde egiten duen beharrarekin, estimatzekoa dela uste dut: bakoitzak bere aldetik joz gero, zaila izango lukete diru-bila jotzea. Erakusleihoa ere bada: hor daude Kezkako dantzariak, baina baita kalean ikusten ez den atletismoaren esparrua, mendi irteerak, argazkilaritza taldea...