Mikel Markez, abeslaria: "Euskal kantagintza 'impasse' egoeran dago"
- Nolakoa da zure lan berria?
Azken denboraldiko kantuen bilduma da. Badu nahikoa kantautoretik, eta horrekin batera badu zerbait bertsolaritzatik, Xabier Amuriza eta Uxue Alberdiren bertsoak dauzkan aldetik. Literaturatik ere badauka zerbait, Harkaitz Canoren poema dago-eta. Jack Warshaw-k 40ko hamarkadan idatzitako "No time for love" abestiaren bertsioa ere egin dut. Batzuetan abesti batzuk lo zorroan egoten dira boladaka, aipatutako abesti honen kasuan lez. 70eko hamarkadan beste bertsio bat egin zuten Irlandan eta Euskal Herrian, berriz, Hertzainak taldeak gauza bera egin zuen, Amurizak ipinitako hitzekin.
- Eta zergatik erabaki duzu horren bertsioa orain egitea?
Batetik, entzule modura betidanik izan dut horrelako harreman berezia abestiarekin. Eta, bestetik, aipatzen den gaiak ez du gaurkotasunik galdu: mundu guztiko indar armatuek betidanik izan dute ateak behera botata gauez etxeetan sartzeko "ohitura" hori eta abestia horren lekukotasun ona izango zela pentsatu nuen. Abestia Euskal Herrira ekartzeko "errudunak" Josu Zabala eta Xabier Amuriza izan zirenez, eurekin berba egin eta hitzak eta pertsonaiak gaurkotuta bertsioa grabatu dut.
- Bestela ere, grabazioan lagun asko izan dituzu aldamenean: Aire Ahizpak, Alaitz Telletxea, Andrea Bidart, Benito Lertxundi…
Euskal Herri txiki honek duen abantailetako bat gertutasuna da, beti izaten dira kolaboratzeko aukerak. Kasu honetan, aldamenean izan ditudan lagunak kantuak ondu egiten dutelako aukeratu ditut, baina horrekin batera, elkarlana zorrak kitatzeko modua ere izan dela esan daiteke, nik ere beste batzuetan eurekin batera jardun izan naiz-eta.
- Hamargarren diskoa, urte mordoa kantagintzan. Nola ikusten duzu euskal kantagintza gaur egun?
"Impasse" egoera batean gaudela esango nuke. Ez dago oso argi zer etorriko zaigun: disko berriak ateratzen jarraituko dugun, formatuekin zer gertatuko den… adi gaude etorriko denari egokitzeko prest. Sasoi batean kantariek eta abestiek holako prestigio modukoa zuten, baina gaur egun, zoritxarrez, kantariak kontsumorako produktu bihurtu dira. Hala ere, hamaika arrazoirengatik, hemen oraindik ere utopia puntu bat badago. Agian erreferente izango den Ez Dok Hamairu berri baten beharra somatzen dut.