Mikel Morenza: "Pasarela gainean natural jardun nuen, beste barik"
- Nolatan animatu zara desfilerako probetarako izena ematen?
Honen aurretik ez naiz sekula horrelako saltsatan ibili, baina lagunek izena emateko esan eta esan jardun zuten eta, azkenean, probak egiteko egunaren bezperan animatu nintzen. Izan ere, El Corte Inglesean dihardut beharrean, hemengo dendan saltzailea naiz eta, bertan egonda, nahi ala ez modelo lehiaketaren berri izan genuen hasiera-hasieratik.
- Kastingera aurkeztea azken momentuan erabakita, ez zenuen ba ezer prestatzeko denborarik izango…
Ez nuen ezer prestatu, ez! Proba berez oso erraza eta laburra izan zen. Gainera, umetatik musika eskolan ibili naizenez, ohituta nago jendearen aurrean jarduten, alde horretatik ez dut izaten lotsa edo bestelako arazorik. Lehenik eta behin norberaren datuekin-eta orria bete eta, jarraian, epaimahaikoek gu ikusteko prestatu zuten pasarela modukoan pare bat buelta emateko eskatu ziguten, besterik ez. Nik natural jardun nuen, naizen moduan ibilita.
- Aukeratu zintuztela esan zizutenean, harritu zinen?
Sorpresa haundia hartu nuen. Probetara aurkeztu ziren mutilen artean bazegoen agentzietatik bidalitako baten bat eta, hori ikusita, ez nuen espero ni aukeratzea.
- Eta behin probatuta, gustatu eta esperientzia errepikatuko duzula uste duzu?
Ez dut horrelakorik pentsatzen, gaurko desfilearena puntuala izan da. Hala ere, batek daki, beti laga behar da atea zabalik, parean aukera suertatuz gero-edo…