MIKEL URDANGARIN: “Publikoaren barrenak mugitu nahi ditugu”
-Traspasos Dantza Taldearekin 'Nora' ikuskizuna ekarriko duzu gurera. Zertan datza?
Dantzak, kantuak eta poemak elkarren babesean, horixe da ‘Nora’-n aurkezten duguna. Ikuskizunaren ardatza hiru disziplina horien artean osatzen da, elkar harilkatze saio baten bidez. Edu Zelaietaren poemak, Traspasos-en koreografiak eta nire kantuak zein bertsioak agertzen dira bertan. ‘Nora’-ren ezaugarririk bereziena musika, enlatatua beharrean, kantuen bitartez zuzenean ematean datzala esango nuke. Hiru musikari taula gainean dantzariei espazioa marraztuz, interakzio sakona sortuz. Norantza jakinik gabe, baina mugimendura etengabe gonbidatuz.
-Musika egitetik haratago doan lana da. Zer suposatu du zuretzat?
Ez nuen sekula pentsatuko holako izaeradun ikuskizun batean sartuta egongo nintzenik, egia esan. Izan ere, proiektu hau dantzariengandik jaio zen, haiek eman zuten lehenengo pausua eta ni ondoren etorri nintzen, beti pausu bat atzetik. Poz handia izan da niretzat, gauza exotikoa, bere falta izugarri nabarituko dudana.
-Nola sortu zen proiektua?
Orain dela lau urte jakin nuen nire kantu batekin (Panderuaren gizona) lanean zebiltzala beren ohiko prestakuntzaren barruan. Haien estudiora hurbildu eta niretzat dantzatu zuten espresuki. Sekulakoa bizi izan nuen. Ukituta, barrenak mugituta atera nintzen erakustaldi hartatik. Hortik gutxira proposatu nien zerbait mardulagorako bidaia. Horrela sortu zen ‘Nora’.
-Nolako harrera izan du publikoarengan?
Jendeak ez daki zer ikustera datorren, haien hasierako aurpegietan antzematen da hori. Baina saio zuzena da, biluzia, soila, ikusleen eta gure arteko zubia eraikitzen asmatuz gero bete betean jotzen zaituena. Barrenak mugiarazi nahi ditugu, onerako bidean, ahal bada, eta uste dut orain artekoetan neurri handi batean lortu izan dugula.
-Era berean, 'Zuzenean' diskoarekin emanaldiak eskaintzen jarraitzen duzu. Nola lortzen duzu ekimen biak aldi berean egitea?
Arazorik gabe. Egutegia zaintzea baino ez dago lanek elkarri traba egin ez diezaioten. Bestela ere, krisiak leku sobera uzten digu gure bizitza ez hain eroetan. Lan asko izatea ez da guretzat problema, lan falta baizik.