Mireia Alonso: “Lesboseko errefuxiatuak ezin ditugu ahaztu; egoera berean egon gaitezke-eta”
Badute nahiko meritu horrelako bidaietan murgiltzen direnak. Inoiz ahaztuko ez duten esperientzia bihurtzen zaie bertan bizitakoa. Lan nekaezin horretan ematen dutena han jasotzeko prest daudenentzat ezinbestekoa da. Asko egoera lazgarrian daudelako, etorkizunik gabe. 2013an iheslariak 2015erako migratzaile bihurtu zituzten, 2017an legez kanpo jarri eta egun inbaditzaile lez tratatzeko.
Non egon zara? Noiztik noiz arte? Zelan joan zinen, eta zergatik?
Lesbosen izan naiz, Zaporeak elkartearen bitartez. Abuztuaren 10etik 31ra arte; hiru aste, zertxobait gehiago. Zaporearekin aspalditik dut harremana, Pello Garcia Amiano eta Intxaurrondoko kuadrila “Etiopia Utopia” sukalde-eskola abiatu zutenetik ezagutzen dugu elkar. Lesboserako urtero egiten dugun Debabarrenako kanpainarekin ere sei badaramatzat. Aurretik horren inguruan jardun dugunean, beti esan izan dut ez nintzela joango. Baina, aurten bizitzak eman zidan belarrondokoarekin, abuztuan lagundu nezakeela pentsatu eta hara abiatu nintzen.
Zelan izan dira hango harremanak? Zeinekin egon zara egunero?
Sukaldean lau lagun ginen. Paperik ez zuten Greziatik ateratzeko, baina bai bertatik ibiltzeko. Bi anaiak ziren: bat burua, bestea okindegian, Reza eta Yamal. Euren ama ere ezagutu nuen, Afganistangoak, oso familia goxoa. Baina Ginean miseria asko dagoen bezala, eurenean gerra izan da kontua eta ezin dira bueltatu. Suizidioak ere ez dira gutxi. Askoren asmoa Europara etortzea bada ere, paperik ez badute... Sendagileak izanda, ez dute ulertzen zelan hemen ezin duten lanik egin. Grezia Europa da? Zalantzan jarri daiteke hori ere. Europa guztiak 5’40 euro ordaintzen die Grezia eta Italiari errefuxiatu bakoitzeko. GuK 2.200 errazio ematen genituen egunero, eta gure asmoa 3.000ra heltzea izaten zen; baina 6.000 lagun daude han. Gehienak Libano, Iran, Afganistan eta -stan amaitzen diren beste herrialde askotakoak. Bizitzak haraino eraman diete, baina ez dugu ahaztu behar gu ere ez gaudela horretatik libre, edozeini toka dakiguke.
Zein zen zure eguneroko lana? Ordutegirik bai? Disfrutatzeko tarterik?
Goizeko 08:00etan furgonetan sartzen ginen, sukaldea beste leku batean zegoelako, eta biltegira heltzen ginen. Han guztiok denetikan egiten genuen. Gure txandan lau ofizial geunden: Naia, 20 urtekoa, emigrazio esparruan lehendik ere sartuta; Irati, Donostiakoa baina durangarra jaiotzez, andereñoa bera, oso gaztetik Erasmusean-eta jardun eta bueltatu dena; 52 urteko Nahikari eta ni, zaharrena. 14:00etan edo 15:00etan irtetzen genuen. Tartean hamaiketakoa egiten genuen, gauza askorik gabe: perrexila eta gazta zati bat. Eta egunero 44 graduko kontua, bero. Ez zen lan erraza, ez, guztia garbitu eta janaria prestatzearena, 2.200 tuper guztira.
Noiztik dago Zaporeak bertan? Zein da bere egoera?
Zazpi urte izango dira haraino heldu zela. Hasieran Kiosen egon zen, gero Lesbosera pasatzeko. Morian ere egon zen; han gertatu zen 2000ko sutea, guztiz suntsitu zuena. Efren Flores eibartarra hiruretan izan zen sukaldari. Gaur egun Zaporeak Kara Tepen dago, bertan egon ginen gu.
Elkarteak behar duena?
Bazkideak behar ditugu. Batzuetan badator dirua, baina gehienetan ez dakizu helduko zaizun edo ez. Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ere izan dira bertan aurtengo udan eta hori ere mesedegarria izan daiteke. Zeozer iristen bada, beti aprobetxatzen da gehiago egiteko.
Jendeak han egunero jaten du? Edo guztientzat ez da heltzen?
Gure egoera han ez da samurra: telefonorik gabe gaude, ezin gara jendearekin egon, ume bat ezin dugu hartu. Guregana datozenak erregeak dira han, janaria eta arropa dutelako bakarrik. Umeena beste lur-sail bat da. Eta familiarik gabeko mutilak, horiek bai ez dutela suerterik, erraziorik ere ez zaie tokatzen; justu litera bat, intimitaterik gabe, eta lau orduko argia bakarrik. Kirol pabilioira ez badira joaten behintzat, han bazkaldu dezaketelako.
Zenbat GKE daude bertan? Zertara dedikatzen dira? Han ikasteko aukera badute errefuxiatuek?
Hogei bat GKE izango dira gutxienez: tartean psikologoenak, sendagileenak... Hainbat arlotakoak daude. Ikasteko aukera askorik ez dago, ez: mila ume hartzen badituzu, ehun bat joango dira eskolara, familiarik gabeko umeak ere badirelako.
Zelan erantzuten dute bertako agintariek? Poliziak? Europa existitzen da?
Gaizki. Gainera, han daudenak ere bi ilaratan kokatzen dituzte: alde batean zuriak, bestean beste guztiak. Latinoak ere azken horretan. Eta sendagilearengana joateko, zuriaren laguntza behar duzu. Ni greziarrentzat lady nintzen, eta “zer egiten duzu hemen? Ez duzu dirurik?” galdetzen zidaten, harrituta edo. Turismoa ere badelako bertan. Bestela han, lagunekin hondartzara joaten ginenean, behin baino gehiagotan esan ziguten kontuz ibiltzeko, igual motxila uretara botako zigutelakoan. Horregatik, gu ez agurtzen ere ahalegintzen ziren.
Neurri gogorragoak hartzekoak dira? Edo baikorra zara alde horretatik?
Kaiola batean daude sartuta. Kartzela deitu, edo kontzentrazio-esparrua, nahi duzuna. Legeak badio jendea ezin duzula lau pareten artean itxita eduki, han hiru alde itxita dituzte eta laugarrenak itsasora ematen du; eta handik irteten saiatzen bazara, zure burua jartzen duzu jokoan, ihes egiten ahalegindu zarela esango dizute.
Eusko Jaurlaritza udan bertan izateak zein emaitza ekar dakioke proiektuari?
Zaporeak-en proiekturako aurrekontuan badu zerikusia, garrantzitsua gainera. Bi arduradun hara joan eta egiten den guztia aurrez aurre ikustea komenigarria zaigu guztioi.
Hemendik beste laguntzarik badago: Fagor taldeak sukalde berriak eraman zituen, ezta? Nahikoa da laguntza hori?
Bai, Fagor-i esker sukalde guztiak berritzeko aukera izan zuten. Baina ikaragarrizkoa izan zen Debabarrenetik bidalitako laguntza guztia hango biltegian ikusi nuenean. Negarrez ere hasi nintzen, hunkituta. Cartonajes Eibar eta halakoak han ikusteak bete egiten zaitu.
Zuri zer arrasto laga dizu? Zer izan da han aurkitu duzun onena eta txarrena?
Hara zoazenean esaten dizute lagunik ez egiteko, ezta promesik ere. Zure ideia da tuperrak osatzea, sagar bana ipini... Baina gero hasten zara kaixo eta egun on esaten... Eta bapatean harrapatu zaituzte. Inoiz ez dut ahaztuko ume baten begirada, zein begi bereziak zituen, jateko modukoa zen... Guk ez ditugu soluziorik ematen, eta beharrezkoa da zeozer egitea. Horregatik, oso garrantzitsua da eibartarrok eskaini dezakegun laguntza, ezin gara han gertatzen denarekin ahaztu. Hor dugu Bosnian ere zer gertatu zen.
Bueltatzeko gogorik, asmorik bai?
Bai, datorren urtean. Sukaldean lagun izan dudan Nahia Aste Santuan doa berriro, 15 egunerako. Bertan bizitakoak engantxatu egiten baitu!
Hara joateko asmoa izatekotan, mentalki indartsua izan behar da bat?
Azkenean, asko betetzen zaitu. Bada jendea minbiziarekin joan dena, ezin duzu negarrik egin... Eta, itzultzerakoan, gaizki sentitzen zara. Eta ez sukaldaria naizelako, hara denetariko jendea joaten da; sukaldekoa eurek egiten dute, nik han ez dut platerik prestatu. Eta gazteen presentzia ere handia da, GKE askotan integratuta. Nire ingeles kutrearekin ere, hemengoa nintzela igarri zidan bertan ziharduen Gasteizko rapero batek.
Lagundu nahi duen jendeak zer egin dezake?
Lehenengo eta behin, ez ahaztu. Han daudenak gu bezalakoak dira, guri ere gerta dakiguke. Guk miseria ikusten dugun tokian, hango asko jende kultua da, goxoa. 3.000 laguni jaten ematea lortu behar dugu, eta horretarako bazkideak behar ditugu. Ahal duenaren arabera lagunduko duena, izan 5 eurorekin, izan 10ekin. Oso erraza da, zaporeak.eus helbidera jotzea besterik ez. Dirua behar da, eta lehen urteko “euro batekin pertsona bat” lema hori aldatu eta pertsonako bi eurora heldu behar gara.