Mireia Gabilondo: “Hizkuntza batetik bestera pasatzea ez da erraza, baina uste dut buruko toki batean gordetzen zaigula testua”
‘Esnearen kolorekoa’ izeneko antzezlana emango dute hilaren 27an Antzerki Jardunaldietan. Bertan Maryren istorioa kontatzen da, 1830. urte ingurukoa. Baserritar familia analfabeto baten alaba erren eta albinoa da bera, eta bikarioaren etxera bidaltzen du jipoiak ematen dizkion aitak. Irakurtzen eta idazten jakitea da Maryren desiorik handiena eta lortzen du, baina baita larrutik ordainduko ere. Tanttakak goi-mailako aktoreak bildu ditu Nell Leyshonen eleberria taularatzeko. Fernando Bernues zuzendaria arduratu da Leyshonen obra moldatzeaz, eta abenduan estreinatu zuten Bilboko Arriaga antzokian. Mireia Gabilondo aktorea izango dugu, besteak beste, eszenatoki gainean, eta antzezlanaren nondik norakoak kontatu dizkigu. Antzezlanak 90 minutuko iraupena izango du eta 19:00etan hasiko da. Sarrerak 12 euroko prezioa izango du (8,5 euro Coliseoaren Laguna txartela dutenentzat) eta hiru modutan eskuratu daitezke: aldez aurretik, Coliseo antzokiko leihatilan, astelehen eta barixakuetan, 17:30etik 19:30era; Kutxabank bitartez; edo antzokiko leihatilan, antzezlana hasi baino ordubete lehenago.
Nolako harrera izan du antzezlanak?
Antzezlana abenduan Bilboko Arriaga antzokian aurkeztu genuen geroztik zortzi emanaldi inguru eskaini ditugu eta, Eibarrera joan aurretik, asteburuan Donostian egongo gara. Berezia izango da, bertan bizi garelako eta jende gehiago etorriko delako. Antzezlanak oso harrera ona eduki du. Jendea oso gustora irten da antzokietatik.
Nolako istorioa kontatzen duzue?
Oso istorio erakargarria da eta sorpresa pixkatxo bat dauka, hasieran tonu bat duelako eta azkenean tragedia bihurtzen delako. Oso pertsonaia interesgarria dugu protagonista bezala: Mary. Uste dut estetikoki ere oso antzezlan polita dela. Beraz, pozik gaude emaitzarekin eta izan duen harrerarekin. Jendeak oso komentario onak egin dizkigu.
Antzezlana Nell Leyshonen eleberriaren egokitzapena da. Nola moldatu duzue?
Liburua orain dela sei urte inguru irakurri genuen eta asko gustatu zitzaigun. Fernando Bernues Nell Leyshonekin harremanetan jarri zen eta, bizitzaren kasualitatez, Fernandok Nellen beste obra bat zuzendu zuen Bartzelonan, Teatre Lliuren. Han ezagutu zuten elkar eta liburu honetaz hitz egin zuten. Orduan adostu zuten Fernandok egingo zuela antzerkirako egokitzapena. Leyshonek antzerkia ere idazten du eta, bere istorioa izanik, ondo ezagutzen zituen pertsonaia guztiak eta argi zuen moldaketa nola egin zitekeen. Era berean, konfiantza osoa erakutsi zuen Fernandok duen zuzentzeko moduan eta oso ondo elkar ulertu dugu elkar. Bilboko estreinaldira etorri zen, oso pozik geratu zen eta baita gu ere.
“Sekretu handi bat egongo balitz, edo ziur arrakasta emango dizun egiteko modu bakar bat, antzerkia banketxeek egingo lukete”
Mary izeneko pertsonaia aipatu duzu, baina goimailako aktore-sorta duzue beste paper batzuk landuz. Zeintzuk?
Aitziber Garmendia dago Maryren azalean. Neska gazte indartsua da, bizitzaz betea, nahiz eta baserri inguruan bizi, diru askorik eduki ez eta aitaren menpe bizi den. Ez du bizimodu errazik. Hala ere, desio handiak ditu: idazten eta irakurtzen ikastea. Ikuskizunaren amaieran bere desioa lortuko du, baina bidean sufritu egingo du. Amaitzen du esanez, berriz biziko balitz, berdina egingo lukeela. Maryren aitonaren papera Jose Ramon Soroizek egiten du. Maryk eta aitonak oso harreman estua dute, eta oso istorio polita sortzen dute bien artean. Gainontzeko lau aktoreok bi pertsonaia egiten ditugu bakoitzak. Familia horretako gurasoen eta ahizparen azalean sartzen gara batetik eta, istorioan zehar Mary beste familia batera joaten denez zerbitzari bezala, bikarioaren etxera, bikarioaren familiarena ere egiten dugu. Horrela, Maryren aitarena egiten duen Joseba Apaolaza bikarioa izango da gero, nik Maryren amaren papera egiten dut batetik eta bikarioaren emaztearena ondoren, eta Miren Arrietak Maryren ahizparen papera egiten du lehenik eta bikarioaren etxeko zerbitzari batena gero. Amaitzeko, Jon Olivares bikarioaren etxeko semea da eta amaieran beste pertsonaia bat egiten du.
Bi pertsonaia egiteaz gain, antzezlana bi hizkuntzatan egiten duzue, euskaraz eta gazteleraz. Nolako erronka da zuentzat?
Ez dut esango erraza denik, demaseko lana delako. Hasieran, estreinuaren aurreko egun horiek estuagoak izaten dira guztiontzat. Hizkuntza batetik bestera pasatze hori ez da erraza egiten, baina emanaldiak eskaintzen ditugun neurrian testura egokitzen joaten gara, eta uste dut buruko tokiren batean gordetzen dela eta hortik ekartzen dugula.
Eskarmentu handiko aktoreak zarete eta Tanttakak ere 40 urte inguru daramatza martxan. Aipatutako prozesu horretan, esperientzia hori igartzen da?
Hainbeste urtetan hor egoteak zerbait ikasi dugula erakusten duela uste dut. Hala izatea nahiko nuke behintzat. Gauza asko ikasten dira eta beste gauza asko ditugu ikasteko oraindik. Hurrengo ikuskizun berriarekin hasten garen momentuan berriz etorriko dira beldur guztiak, baina gure lanaren parte dela esango nuke. Horrekin lan egiten eta bizitzen ikasten joan gara eta, zenbat eta urte gehiago egon, gehiago ikasten dugula esango nuke.
Antzerki talde batekin edo beste batekin lan egitean, alde handia egoten da?
Ez dakit, hori aktoreei galdetu beharko zenieke. Nire kasuan enpresakoa naiz, Tanttakakoa. Beste talde batzuekin lan egin izan dut, zuzendari bezala batez ere, eta talde bakoitzak bere ikuspuntua, egiteko modua eta idiosinkrasia du. Dena dela, azkenean, denok nahiko antzera egiten dugu antzerkia: testua edo ikuskizuna aukeratzen duzu (testu gabe ere izan daitekeelako); eta zer kontatu nahi duzun, nola, norekin eta abar erabakitzen duzu; eta pare bat hilabetez entseguak egin ondoren, publikoari aurkezten diozu.
“Hurrengo ikuskizun berriarekin hasten garen momentuan berriz etorriko dira beldur guztiak, baina gure lanaren parte da”
Zein da Tanttakaren sekretua 40 urtez martxan egoteko?
Ez dakit sekreturik dagoen. Askotan esaten dugun bezala, sekretu handi bat egongo balitz, edo ziur arrakasta emango dizun egiteko modu bakar bat, antzerkia banketxeek egingo lukete. Ez dago sekreturik. Sekretu bakarra da mugitzen zaituen hori egitea, erakartzen zaituen gai bat edo bestea lantzea, idatzita dagoen moduagatik testu bat aurrera eramatea, edo gustuko duzun aktoreekin lan egitea. Barrura begiratzea da kontua, norberaren gogoa zein den eta zerk biziarazten dizun jakiteko, eta horren bila joateko. Ez dago besterik.
Tanttakak bezala, Eibarko Antzerki Jardunaldiek 40 urtetik gora daramatzate martxan. Nolako harremana duzu Antzerki Jardunaldiekin?
Urte asko daramatzagu Eibarko Antzerki Jardunaldiek eta Tanttakak, eta gure ikuskizun gehienekin joan gara bertara. Oso toki berezia da, publiko jantzia dagoela nabaritzen delako. Antzerkia gustuko duen publikoa da eta antzerkia ikusteko ohitura duena. Horrek poz handia ematen du. Antolatzaileek oso lan polita egiten dutela azpimarratuko nuke.