Miren Cid, Matraka: "Ordenaren kontra, antolakuntza feminista da gure erantzuna”

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, antolakuntza feminista aldarrikatuko du Matraka Gazte Feminista taldeak. Aurtengoan, hitzordu bikoitza dute: ohiko M8ko egitarauarekin batera, zapatuan gaueko manifestazioa antolatu dute, “Ordenaren kontra, antolakuntza feminista” lelopean.
Miren Cid, Matraka: "Ordenaren kontra, antolakuntza feminista da gure erantzuna”
2026/03/05 17:44
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Martxoak 8a ate joka da, eta testuinguru global eta lokalean eskuin muturraren gorakadak, prekaritateak eta diskurtso erreakzionarioen normalizazioak markatzen dute aurtengo M8a. Horren aurrean, gazte feministek antolakuntza kolektiboa indartzea dute erronka nagusietako bat. Miren Cid, Matraka Gazte Feministen taldeko kideak azaldu du lubaki feminista ez dela babeslekua soilik, baizik eta eraldaketa sozialerako tresna ere dela.

Zein testuinguru dugu aurrean Martxoak 8 honetara begira? 

Ikusten ari gara eskuin muturra indartzen ari dela mundu mailan: AEBetan, Latinoamerikan zein Europan. Hori ez da alderdi politikoetan bakarrik islatzen; eguneroko diskurtsoetan ere gero eta ideia erreakzionario gehiago normalizatzen ari dira. Horren adibide dira migrazioa kriminalizatzea, mugak ixtea, nazio-identitate “garbi” baten defentsa edo genero-rol tradizionalen berrezarpena. Diskurtso horien zabalpenaren ondorioz, gero eta gogorragoak dira migrazio-politika arrazistak: bizitza batzuk babestearen aitzakian, beste batzuk kontrolatu, baztertu edo kanporatzen dituzten politikak. Testuinguru horretan, ugaritzen ari dira diskurtso faxista eta antifeministak, feminismoa gehiegizkotzat jotzen dutenak, trans eskubideak mehatxu gisa aurkezten dituztenak edo arrazakeria “sen on” bihurtu nahi dutenak. 

Zein zapalkuntza identifikatzen dituzue, eta nola eragiten die horrek gazte feministei? 

Asko dira jasaten ditugun zapalkuntzak. Esaterako, prekaritatea nabarmen hazi da azken urteotan, eta gazteok prekarizatutako subjektu nagusietako bat gara: lan-baldintza prekarioak, bikote nuklear eta normatibotik kanpoko bizi-proiektuak irudikatzeko zailtasunak, etxebizitza eskuratzeko ezintasuna, eta horri guztiari lotutako osasun mentalaren krisia dira prekatietatearen oinarrietako batzuk. Horrez gain, gure bizitzan hainbat biolentzia mota gurutzaturik daude. Argaltasunean eta edertasun hegemonikoan sartzeko mezuz bonbardatzen gaituzte: nola jan edo ez jan, nola jantzi, nola egin kirola… “betebehar” horiek jarraitu behar dituzu bai ala bai, eta bestela ez zara balizko pertsona bat. Bestalde, erasoak hain normalizatuta daude, ia oharkabean pasatzen direla. Albotik igarotzean “nahigabe” ipurdian jotzea, gerritik heltzea, tabernako barran gizon batek zuk ezer ez esan gabe belarrira hitz egitea, mutil lagunak txortan egiteko insistitzea norberak nekeagatik baietz esan arte… dira adibideetako batzuk. 

Herriko beste talde feminista batekin batzeak borrokan jarraitzeko gogoa eta indarra ematen digu

Miren Cid, Matraka Gazte Feministen taldeko kidea.

Zein dira gaur egun gazte feministek dituzten erronka nagusiak? 

Testuinguru horretan, feministok erronka handiak ditugu aurrean. Lubaki feminista defendatzen jarraitu behar dugu, seinalamendu hotzen, lege errepresiboen, despolitizazio-saiakeren eta inkisizio berrituen aurrean babesleku izan dadin. Krisi eta biolentziak nagusi diren garaiotan, lubakia babeslekua da, arauari erresistentzia eginez bizitzeko toki bat. Baina ez dugu arautik kanpo hobeto bizi nahi soilik: arauarekin amaitu nahi dugu. Sistema osoa eraldatu nahi dugu. Horregatik, lubakia defendatzeaz gain, harago joan behar dugu: lubakitik kanpokoa eraisteko eta eraldatzeko borrokan jarraitu behar dugu. Lubakia lantzea ez baita azken helburua, datozen borroketarako lur izango dugunaren oinarriak sendotzea baizik. 

Aurtengoan, “Ordenaren kontra, antolakuntza feminista” lelopean, gaueko manifestazioa deitu duzue martxoaren 7an. Zergatik data hori?

Aurten Martxoaren 8a domeka denez, zapatua ere baliatu nahi genuen. Beste formatu batean gaueko manifestazioa antolatzea aproposa iruditu zitzaigun, beste formatu batekin. Ez da ohiko manifestazioa izango. Musikarekin egingo dugu, aldarrikatzen goazen bitartean. Beti diogu feminismoak gozamenerako momentuak ere behar dituela, eta hori praktikara eramango dugu: kaleak hartu, aldarrikatu eta gozatu egingo dugu. 

Maila lokalean, Marasmia talde feministarekin elkarlanean ariko zarete. Nola baloratzen duzue talde berriaren sorrera? 

Oso albiste pozgarria da. Eibarren jende gehiago antolatzea beharrezkoa da. Elkarrekin asko ikasi dezakegula uste dugu, eta herriko beste talde feminista batekin batzeak borrokan jarraitzeko gogoa eta indarra ematen digu.