Miren Narbaiza, Napoka Iria: "Gaurkoa berezia izaten ahalegindu gara"
- Nolakoa izango da gaurko kontzertua?
Batez ere gure disko berriena, orain dela urtebete inguru kaleratu genuen "Arnasten ikasteko berriz" lana ezagutzera emateko kontzertua izango da. Eibarren eta Coliseoan joko dugunez, zerbait berezia izatea nahi genuen eta, horregatik, Aitor Etxeberria (El Txef_A) eta Beñat Narbaiza gonbidatu ditugu, kontzertuaren bigarren zatian gurekin batera jo dezaten. Aitor Etxeberria gernikarra oso ezaguna da musika elaktronikoaren munduan, besteak beste avant popo elektronikora gerturatzen diren kantengatik eta nazioartean oihartzun handia izan duen "We walked home together" izenburuko abestiarengatik. Eta Norman eta Estigia taldeekin jarduten duen Beñat Narbaizak ahotsarekin lagunduko digu. Biak aurretik ere behin baino gehiagotan elkarrekin jardundakoak dira eta oraingoan gurekin batera joko dute, euren musika Napokaren abestietara egokituta.
- Orain egun batzuk Galizia aldean ibili zarete, ezta?
Bai, aurreko asteko eguaztenetik domekara bitartean Galizian lau kontzertu eman genituen, Lugo, A Coruña, A Reserva eta Aturuxon eta ederto ibili gara, hango talde batekin batera. Esperientzia polita izan da.
- Eta gaur etxean jo eta gero, zein asmo daukazue?
Ba, egun batzuren buruan, hilaren amaiera aldera, Japoniara goaz, hainbat hiritan kontzertuak emateko asmoz. Aurretik ere Japonian ibilitakoak gara, 2008an bira egin genuen eta alde horretatik, bidea zabalik genuenez eta gustora ibili ginenez, berriz bueltatzea pentsatu dugu. Oraingoan, gainera, beste toki batzuetara joango gara eta, beraz, toki berriak ezagutzeko aukera ere izango dugu.
- Euskadi Irratian musikaz berbetan ibili zara azken aldian…
Bai, iaz ere ibili nintzen Udako Faktorian eta aurten errepikatzeko zortea izan dut. Hala ere, udarekin batera saioa amaitu zen. Kazetaria naizen aldetik irratia gustatzen zait gehien eta, gainera, musikaz berba egiten… oso gustora ibili naiz.