Miriam Marquez eta Ainhoa Oregi (AECC): “Hona etortzea positiboa izan da bai gaixoentzat, bai senideentzat"

Miriam Marquez eta Ainhoa Oregi (AECC): “Hona etortzea positiboa izan da bai gaixoentzat, bai senideentzat"
2017/04/21 10:35
eta kitto!
Kantzerraren Aurkako Elkarteak (AECC) 2016ko urrian ireki zituen bere egoitzako ateak Eibarren. Bere ibilbidea, hala ere, luzea da gure herrian. Denbora honetan minbizia jasaten duten gaixoei eta senideei laguntza psikologiko eta soziala eskaini die, eta etorkizunera begira apustua sendotu eta handitzeko asmoa dauka. AECC-k Ardantza kaleko 11. portalean du bere egoitza, eta Ainhoa Oregi langile sozialak eta Miriam Marquez psikologoak egiten dute bertan lan.

 

-Zer da, berez, AECC?

Ainhoa: Elkarte honek minbizia duten gaixo eta senideei laguntza ematen die. Laguntza psikologikoa eta soziala ematen diegu, eta baita boluntarioen laguntza ere. Arlo sozialean Gipuzkoa mailan eskaintzen denari buruz orientatu eta informatzen diegu: Dependentziaren Legea eta bestelako laguntza motak, adibidez. Bestetik, familiei dohainik eskaintzen diegun materiala daukagu hemen: ohe artikulatuak, gurpildun aulkiak, dutxarako eserlekuak, eta abar. Gero, boluntariotza arloaz ere arduratzen gara. Hainbat motako boluntariotza dago: adibidez, administratiboa; konpainia-boluntariotza deiturikoa, etxean eta ospitaletan gaixoei konpainia egiteko; eta prebentzioko boluntariotza, urtean zehar egiten diren kanpainetan laguntzeko.

-Boluntario asko hurbildu izan zaizkizue elkartera?

A: Bai. Egoitza orain dela hilabete gutxi ireki zen, baina boluntarioek urte askotan zehar egin dute lan Eibarren. Eskualdeko herri guztietan ditugu boluntarioak Soraluzen izan ezik, eta bertara heltzea da asmoa. Batzarretan parte hartzen duten bi pertsona klabe ditugu, eta herri bakoitzean 20 bat lagunetako taldeak ditugu.

-Edozein izan daiteke boluntarioa?

Miriam: Konpainia-boluntariotza egiteko formakuntza egin behar da eta gero elkarrizketa txikia egiten diegu euren perfila ezagutzeko, baina bestela edozein izan daiteke boluntarioa hemen.

-Eta zuen zerbitzuak jasotzeko?

M: Minbizia edukitzea edo minbizia duen pertsona baten senidea izatea.

A: Miriamek, adibidez, gaitza detektatu berri diotenak jasotzen ditu, kolpea hain gogorra ez izateko.

M: Baita gaitza gainditu dituztenak ere. Batzuetan bizitakoari errepasoa egin behar izaten diote.

-Arlo psikologikoa nola lantzen duzue?

M: Bi arlo lantzen ditugu. Batetik, prebentzioa dago. Jendea kontzientziatzen dugu, azken finean minbizia existitu egiten delako. Gertu daukagun gaixotasuna da, arrunta da inguruko batek bizi izana, eta bizi-ohitura osasuntsuan kontzientziatzea da gure asmoa. Hori modu bitan lortzen saiatzen gara: eskoletan (programen bitartez) eta kanpainekin. Orain kolonaren kanpainarekin ari gara lanean eta Eibarren tailer bat egin dugu. Beste arloa interbentzio psikologikoa da. Lehen kolpean, gaixotasunean zehar eta, behar bada, dolu prozesuan arlo psikologikoa lantzen dugu senide eta pazienteekin.

-Dagoeneko egin dituzue tailer batzuk. Zein?

A: Martxoaren 9an bizi-ohitura osasungarriei buruzko hitzaldia eman genuen Portalean.

M: Apirilaren 27an, bestetik, Oskar Trebiño sukaldariak tailer bat emango du Izarra elkarte gastronomikoan (izen-ematea doakoa da, 943202494 / bajodeba@aecc.es). Gaixo onkologikoentzat egokiak diren jakiak prestatuko dira.

A: AECC-k errezeta liburua egin du eta Oskarrek batzuk prestatuko ditu.

-Minbiziari nola egin ahal zaio aurre psikologikoki?

M: Zure bizitza urratuta ikusten duzunean logikoa da psikologo batengana jotzea.

A: Zure bizitza guztiz aldatzen da. Gu horretarako gaude, laguntzeko, baina ezin dugu jendea etortzera behartu, nahi dutelako etorri behar dira.

M: Denbora honetan ikusi dugunaren arabera, hona etortzeak oso eragin positiboa izan du gaixoengan eta euren senide gehienengan.

-Zer behar da minbiziari aurre egiteko?

A: Ikerkuntza. Elkarte honek diru kantitate handia ematen du horretarako.

M: Kontuan izan behar da, gaixotasuna ahalik eta positibo hartzea mesedegarria dela.