Mito baten bizipenak Eibarren
Gabriel Aresti mito bat da Pedro Alberdi idazle eibartarrarentzat. Horregatik, orain dela 25 urte inguru mitoa Eibarren bizi izan zela jakin zuenean, ‘Gabriel Aresti Eibarren’ ipuina idatzi zuen. Orain, Kandido Uranga eta Inazio Tolosa aktoreek ipuin hori hartu dute ardatz ‘Gabriel Arestirekin’ antzezlana sortzeko. Zumaian, Euskaltzaindian (Bilbon) eta Asteasun antzeztu dute eta data gehiago dituzte zehaztuta, baina momentuz Eibarren ez da ikusteko aukerarik egongo.
Eibarren jaio eta Bilbon urte mordoxka bizi ondoren, Zumaia du bizitoki gaur egun Pedro Alberdik. “Emaztea eta biok udatiarrak izan gara beti bertan”, esan digu. Beraz, ez da toki ezezaguna beretzat. Kostan pasa dituen udetan lagunak ere egin ditu, tartean Kandido Uranga aktorea, eta urteetako harremana du berarekin.
Erretiratuta egon arren, oraindik aktore lanetan jarraitzen du Urangak eta, horrez aparte, bestelako errezitaldiak ere egiten ditu tarteka. Jon Miranderen inguruko bat egin izan du, baina Uranga Gabriel Arestirekin tematuta egon da beti. Bilbotarraren ‘Harri eta herri’ liburuan aurkitzen den ‘Q’ poema taula gainera eraman nahi zuen, baina ez zuen aurkitzen nola. “’Q’ poema ’Harri eta Herri’ liburuko poema luzeena da eta Jorge Oteizarekin duen (Arestik Jurgi esaten dio) elkarrizketa moduko bat da, besteak beste. Kandidok ‘Q’ poemari heldu zion, antzezteko edo errezitatzeko prestatzen hasi zen, baina konturatu zen motz eta nahiko monokorde gelditzen zitzaiola errezital baterako”, kontatu digu Alberdik.
Urangak buruari bueltak ematen jarraitu zuen eta, Alberdiren berbetan, “lagunekin komentatzerakoan, esan zioten gaur egungo gazteek ez dutela jakingo Gabriel Aresti nor den ere. Atzokoa da, baina gabiltzan abiaduran, Jon Mirande, Aresti eta horrelako autoreak antzinakoak direla dirudite”. Beraz, Aresti gaur egunera ekartzeko beharra ikusi zuen eta bat-batean argia piztu zitzaion: “Badakit Pedro, zure ‘Gabriel Aresti Eibarren’ ipuina erabiliko dugu”, esan zion Urangak.
Ipuina ‘Kafka Bilbon’ (2002) izeneko liburuan aurkitzen da, beste kontakizun batzuen artean, eta Bilbon aurkeztu zutenean, ahots sakoneko aktoreak pasarte batzuk errezitatu zituen, tartean ‘Gabriel Aresti Eibarren’ ipuinekoak. Buruko izkina batean geratu zitzaion iltzatuta eta proiektu horretarako baliagarria egingo zitzaiola okurritu zitzaion.
Idazlea pertsona bihurtu
‘Gabriel Aresti Eibarren’ ipuina idazle bilbotarrak gure herrian egin zituen urteetan oinarritzen da, errealitate batetik abiatuz sentimentalki eta literaturaren ikuspuntutik Arestirentzat bereziki aparta suertatu zen egun bat kontatuz. Mitoa haragi bihurtzen du kontakizunak eta pertsona ezagutzeko balio du. Hain zuzen ere, Urangak behar zuena, ‘Q’ poemaren osagai bezala. “Arestiren egunerokoa kontatzen da ipuinean, intimitate bat”, Alberdiren berbetan.
Antzezlanerako osagaiak eskura edukita, prestatzea besterik ez zen geratzen. Horretarako, ‘Q’ poema Urangak pentsatuta bezala egiteaz gain, Alberdiren ipuina pixka bat moldatu zuten arlo biak uztartzeko. “Ipuinari antzerki-forma emateko beharra ikusi zuen Kandidok eta hor sartu zen Inazio Tolosa”, diosku Alberdik. Horrela, ‘Gabriel Arestirekin’ antzezlanean, Urangak narratzailearen lekua hartzen du eta Tolosak Arestiren papera egiten du.
Alberdik ere parte hartu zuen antzezlanaren moldaketan, nahiz eta esan digun ez zela aldaketa handirik egin behar izan. “Ipuinaren paragrafo pare batean bi eibartarren arteko elkarrizketa agertzen da. Bata Rokandioneko enpresarioa da, Arestik han egin zuelako lan, eta Rokandiok eibarreraz hitz egiten dio. Beste pasarte batean, Aresti antzinako Itziartarran egon zen apopilo eta hango ugazabandrearekin beste dialogo bat du, hori ere eibarreraz”, azaldu digu Alberdik. Pasarteak eibarreraz idatzi zituen ipuinean, “baina nire modura”, eta antzezlanerako Koldo Zuazori eskatu zion eibarreraz dauden pasarte horiek zuzen ipintzeko.
Kontablea Eibarren
Gabriel Aresti 1966an egon zen Eibarren lanean eta astegunetan bizitzen, emaztea eta hiru alabak Bilbon edukita, sasoi hartan ez zegoelako autobiderik eta egunero joan-etorrian ibiltzea oso nekagarria zelako. Txontako Industrias Rocandio enpresan egin zuen lan eta, esan bezala, Itziartarran egon zen apopilo. “Aresti Eibarren egon zela jakin nuenean, ezin nuen sinestu”, diosku Alberdik. Sasoi hartan, idazle eibartarrak bederatzi urte inguru zituen. “Pentsatzea agian kalean berarekin topo egin nuela … Arestirekin? Gure mitoarekin?”, diosku. Beraz, ‘Gabriel Aresti Eibarren’ ipuina “premia handi bati erantzuteko” idatzi zuen.
Alberdirentzat Aresti “eredu bat” zen. “Haren literatura irakurtzen genuen, haren bizitza, egin zuena… Banekien Angel Zelaietak bere biografia idatzita zuela eta bertan agertzen da, bi lerrotan, 1966an Aresti Eibarren lanean egon zela”, azaldu digu. “Hori mauka da niretzat, altxor bat”, pentsatu zuen jakin zuenean.
Dena dela, ez zuen gaiaren inguruko informazio handirik eta Juan San Martinen atea jo behar izan zuen, Arestiren bizitzan oso garrantzi handia izan zuelako. Hain zuzen ere, San Martinek idatzi zuen ‘Harri eta Herri’ liburuaren hitzaurrea, besteak beste. Alberdik, ostera, ez zuen San Martinekin harremanik, baina aitak bai. “Juanitoren laguna zen eta bere partez joan nintzen. Sasoi hartan Hondarribian bizi zen eta autoa hartu eta bere etxera joan nintzen zapatu arratsalde batean. Lokomotor bat zen. Berbetan hasi zen eta iluntzera arte isildu ere ez. Mari Paz emaztea alboan zegoen eta zerbait esaten zuen. Harengatik oraindik han hitz egiten egongo ginateke”, gogoratzen du.
San Martinek esandakoak buruan gordeta itzuli zen eta, haritik tiraka, Arestik Eibarren bizitakoaren inguruko datuak pilatzen joan zen. Horrela jakin zuen, besteak beste, mito bilbotarra Rocandio enpresako administrazio burua izan zela. “Kontablea zen, baina harrezkero idatziak zituen ‘Maldan behera’ eta ‘Harri eta Herri’ liburuak, besteak beste. 33 urterekin idazle konsagratua zen. Gainera, astero zuen polemikaren bat. Zeruko Argian, Anaitasunan… idazten zuen eta mundu guztiarekin haserre zegoen”, diosku Alberdik.